Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Sail Ofiziala

Pablo Malo: 'Zintzotasunez egin dugu 'Lasa eta Zabala''

Erredakzioa

Donostiar zuzendariaren esanetan, gaur Donostiako Zinemaldian aurkeztu duten lana “ez da onen eta gaiztoen pelikula bat; bakoitzak bere ekintzen bidez irudikatzen du bere burua”.

  • Pablo Malo, gaur Donostian. Argazkia: Efe.

    Pablo Malo, gaur Donostian. Argazkia: Efe.

Pablo Malo “Lasa eta Zabala” gaur Donostiako 62. Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiaketatik kanpo aurkeztu duten filmaren zuzendariaren iritziz, “publikoa aretotik hau guztia gertatu behar ez zela pentsatuz irteten bada, pelikulak mereziko du”.

 

Kazetari andana bat bildu duen prentsaurrekoan, Unax Ugalde, Frances Orella eta gainerako aktoreak, Joxe Portela ekoizlea eta Joanes Urkixo gidoilaria aldean zituela, Pablo Malo donostiar zuzendariak esku artean langai “oso labaina” zuen jakitun zela esan du, eta batik bat Euskal Herrian pelikula zehatz-mehatz aztertuko zutela bazekiela erantsi du. Joxean Portela gidoilariak "‘Lasa eta Zabala” zuzentzea eskaini zionenean jendeak doluminak ematen zizkidan”, esan du.

 

Donostiar zinemagilearen hitzetan, “zintzotasunez eginiko filma da ‘Lasa eta Zabala’”, eta “beti egongo naiz txarto pasatzen ari denaren ondoan”. Horren ildotik, filma “onen eta gaiztoen” istorioa ez dela esan du, baizik eta “basakeria bat egin zuten pertsonaia batzuen inguruko pelikula”.

 

Halaber, Guardia Zibilaren karikaturarik egin ez duela adierazi du: “Sumarioan bertan dagoen informazioarekin gauza larriagoak jarri genitzakeen. Haien inguruan kontatu dizkiguten hainbat gauza ez ditugu gidoian jarri, errealak izanagatik sinesgaitzak baitira, esperpentikoak”, baieztatu du Malok.

 

Malo abokatuaren pertsonaiaz ere mintzatu da, kazetarien galderei erantzunez: “Ez da benetako Iñigo Iruin”. Unax Ugaldek, legegizona gorpuzten duen aktoreak, azaldu duenez, Iruin izan du ardatz, harengan inspiratu da, pertsonaia sortzeko, eta harekin Lasaren eta Zabalaren prozesuaz hitz egin zuen. Halaber, Iruinek emaitzarekin “oso pozik” dagoela esan dio.