Zinemaldia 2024
Donostia Saria
Benicio del Toro, Zinemaldiko izar dirdiratsuena, amaitzeko bezperan
Natxo Velez | eitb.eus
Puertorricar aktoreak Donostia Saria jasoko du 22:00etan, eitb.eus webgunean zuzenean ikusi ahalko den ekitaldi batean. Sail Ofizialean, “Wild Life” lehiatuko da gaur.
Benicio del Toro izango da Zinemaldiko protagonista ostiralean, eta Orlando Bloomek soilik egingo dio itzala, gauean helduko baita britainiarra. Aktore puertorricarrak Donostia Saria jasoko du, Denzel Washingtonek larunbatean berea jaso eta gero, Kursaalen, 22:00etan hasiko den gala batean.
“Traffic” filmean egindako lanagatik Oscar sari bat irabazi zuen aktoreari Zinemaldiaren sari berezia emateko ekitaldia eitb.com-en jarraitu ahalko da, zuzenean.
Hala ere, horren guztiaren aurretik, bi film ikusi ahalko dira Sail Ofizialean: “Murieron por encima de sus posibilidades” (Isaki Lacuesta) , lehiaketatik kanpo, eta, Urrezko Maskorrerako lehian, “Wild Life”.
Isaki Lacuesta 2011n “Los pasos dobles” filmari esker Urrezko Maskorra irabazi zuen zinemagileak bestelako istorio bat dakar aurten zinema pantailetara: "Murieron por encima de sus posibilidades". Krisi ekonomikoak bost herritar arrunten bizitza suntsituko du. Galtzeko ezer ez daukatela, ekonomia salbatzeko plan zoro bat egingo dute: Banku Zentraleko presidentea bahitu, eta dena lehengo egoerara itzularazteko eskatzea.
Aktore zerrenda oparoa du istorioak: Raúl Arévalo, Imanol Arias, Bruno Bergonzini, José Coronado, Eduard Fernández, Ariadna Gil, Sergi López, Carmen Machi, Ángela Molina, Josep Maria Pou, José Sacristán, Emma Suárez, Luis Tosar eta beste batzuk.
“Wild Life” frantsesa, bestalde, sei eta zazpi urteko semeen zaintza galdu eta gero beroriek amari ez itzultzea erabaki duen gizon baten istorioa da. Lehenengo haur gisa eta gero nerabe gisa, Okyesa eta Tsali ezkutuan bizitzera behartuta egongo dira. Poliziak jazarri egingo ditu, baina beti aske biziko dira, batetik bestera.
Ostiralean, noski, “Escobar: Paradise lost” ere proiektatuko dute, Del Toro Donostiara ekarri duen pelikula: Nick surflari gazteak, Kolonbiara anaia bisitatzera joanda, bere amets guztiak betetzat joko ditu. Urmael urdinak eta hondartza zuriak hondo idiliko gisa dituela, María izeneko gazte eder batekin zeharo maiteminduko da Nick. Dena ezin hobeto doakiola dirudi, Nickek neskaren osaba ezagutzen duen arte: Pablo Escobar delako bat da…