Itxi

Zinemaldia 2024

Donostia Saria

Benicio del Toro: 'Esfortzuak ekarri dit Donostia Saria'

Natxo Velez | eitb.eus

Puertorricar aktoreak Jorge Perugorria kubatar artistaren eskutik jaso du Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren sari nagusia.

Benicio del Toro puertorricar aktoreak Donostiako Zinemaldia 62. edizio honetan emandako bigarren Donostia Saria jaso du Kursaalen, irekiera galan Denzel Washingtonek jaso eta gero.

Del Torori Jorge Perugorria (“Marrubia eta txokolatea”…) eman dio saria, eta kubatarrak hitz batzuk izan ditu omenduarentzat: “Zinemagintzako animalia da, munstroa, pantailatik atera egiten den basati bat, baita lagun eta lankide bikaina ere”.

Traje grisa, txalekoa eta gorbata beltza soinean, Del Torok Perugorria “zinemagile, pintore eta anaiari” eman dizkio eskerrak lehenik eta behin, baita Zinemaldiari, “ohoreagatik”, eta publikoari ere, “nirekin egotearren”.

Uneoro begirada sarian pausatuta zuela, sentimendu “surreala” sentitu duela esan du Benicio del Torok, “aintzatespen hau jaso duten aktore guztien zerrendan nire izena ikusi dudanean”.

Haren hitzetan, “esfortzuak” ekarri du berriz Donostiako Zinemaldira, “etxean” balego bezala sentiarazten duen topagunera, saria jasotzera.

Puertorricarrak, ahalegin horretan ondoan izan dituenak, “jende asko”, ere hartu ditu hizpide: “Familia, irakasleak, saskibaloi entrenatzaileak, zuzendariak, ordezkariak, idazleak, aktoreak, ekoizleak, editoreak…”. Gainera, jaioterria, “lur zati txiki” hori ere hartu du gogoan.

“Gora zinema eta zinemaren historia! Jarraitu egingo dugu”, aldarrikatuz agurtu da.