Itxi

Zinemaldia 2024

Larunbata

Denak itxiera galara begira, Zinemaldian

Natxo Velez | eitb.eus

Bart Benicio del Torori Donostia Saria emateko ekitaldia gogoan eta itxiera gala (20:30ean, eitb.eus eta ETB1) ate-joka, Zinemaldia agurtzeko, alfonbra gorria biltzeko, prestatzen ari da hiria.

Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia amaitzear da: 20:30ean hasiko da, Kursaalen, itxiera gala, eta gaur, palmaresa iragarri aurretik, nornahi ari da kinielak egiten, Urrezko Maskorra nork irabaziko. Amaiera ekitaldia eitb.eus-en eta ETB1en zuzenean ikusi ahalko da.

 

“Uharte minimoa”, “Entrega”, “Hameoo”, “Loreak”, euskaraz erabat filmatu den lehen filma Sail Ofizialean  lehiatzen, “Neskalagun berri a” Sebastiane sariduna, “Tigers” eta “Bihotz isila” denen ahotan daude. Aurreikuspenen arabera, horietako batek eramango ditu sari nagusiak, baina batek daki…

 

Nolanahi den, lehiaketatik kanpo bada ere, Sail Ofizialak, aurten oparoa izan den atalak, azken alea eskainiko du gaur: “Samba” Eric Toledano eta Olivier Kanache (“Intouchable” hunkigarria…) frantses gidoigile eta zuzendarien lana. 2011n bezala, eurek izango dute Zinemaldia ixteko ardura.

 

Oraingo honetan, bestelako istorio bat kontatzen dute: Samba Senegaldik iritsi zen Frantziara, duela hamar urte, eta beti bigarren mailako lanak izan ditu. Alice zuzendari exekutiboa da eta duela hilabete batzuetatik oso estresatuta dago. Gizona lan-baimena lortzeko beharrezkoa den guztia egiteko prest dago; emakumea, berriz, GKE batean boluntario gisa arituz aurreko bizimodua atzean utzi nahian dabil. Biak kale itsu diren beren bizimoduetatik irteteko borrokatuko dira… zoriak elkartuko dituen arte.