Zinemaldia 2024
Donostiako Zinemaldia
Emily Watsonek Donostia Saria jasoko du gaur
M.G | Erredakzioa
Ekitaldia 22:00etan hasiko da Kursaalen, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da eitb.eus-en.
Emily Watson aktore britainiarrak jasoko du, gaur, Donostia Zinemaldiaren 63. edizioko Donostia Saria, zineman, antzerkian eta telebistan egindako ibilbide luzeagatik. Aurten ohorezko saria bitan Emakumezko Aktore Onenaren Oscar sarirako hautagai izan denari emango diote, 22:00etan Kursaalen hasiko den ekitaldian. Eitb.eus-ek streaming bidez eskainiko du emanaldia.
Zineman egin zuen lehenengo agerraldi garrantzitsua Lars von Trier zuzendariaren eskutik egin zuen Watsonek, Breaking the Waves filmean, eta Alan William Parkerren Angela's Ashes filmari esker egin zen ezagun.
Drama Studio London eskola ospetsuan ikasi bazuen ere, Royal Shakespeare Companyren eskutik egin zituen bere lehenengo lanak, baina Von Trierren pelikularekin lortu zuen nazioartean fama, Oscarrerako eta Urrezko Globoetarako hautagai izendatu baitzuten.
Berriro lortu zituen bi izendapen horiek 1998an, Anand Tuckerren Hilary and Jackie filmean egindako lanagatik.
Arrakasta handiko lanetan parte hartu du Watsonek ordutik. Hala, Robert Altmanen Gosford Park (2000), Tim Burtonen Corpse Bride (2005) eta Alan Parkerren Angela?s Ashes (1999) filmetan aritu zen. Azken horri esker, BAFTA saria lortu zuen, gainera.
Steven Spielbergen War Horse (2011) eta Joe Wrighten Anna Karenina (2011) dira aste honetan Everest aurkezten ari den aktorearen beste lan ezagunetako batzuk.
Era berean, Brett Ratnerren Red Dragon (2002), Stephen Hopkinsen The Life and Death of Peter Sellers (Urrezko Globorako hautagai izan zen), Chris Noonanen Miss Potter (2006), Sophie Barthesen Cold Souls (2009) eta James Marshen The Theory of Everything filmetan ere egin zuen lan.
2002an, sustraietara itzuli zen, eta hainbat lan taularatu zituen; William Shakespeareren lan bat eta Txekhoven beste bat, besteak beste.