Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Irailak 16-24

14 zinemgile, Zinemaldiko Zuzendari Berriak saria lortzeko lehian

eitb.eus

“Zinema pentsatzeko, ulertzeko eta egiteko modu berriak” erakutsi nahi ditu Kutxabank-Zuzendari Berriak atalak. Lehen edo bigarren filma egin duten zuzendariek hartzen dute parte.

  • Morgan Simonek "Compte tes blessures" filma aurkeztuko du

    Morgan Simonek "Compte tes blessures" filma aurkeztuko du

14 zinemagile arituko dira nor baino nor gehiago Donostiako 64. Zinemaldiko Kutxabank-Zuzendari Berriak saria lortzeko lehian, AEBetan, Alemanian, Argentinan, Belgikan, Txinan, Hego Korean, Espainian,  Frantzian, Grezian, Israelen, Moldavian eta Portugalen ekoitzitako filmekin.

Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Ander Aizpurua Kutxabankeko Gipuzkoako Sarearen zuzendariak jakinarazi dituzte, gaur goizean, Kutxabank-Zuzendari Berriak saria irabazteko lehiatuko diren mundu osoko zinemagileen filmen izenburuak.

Bost zinemagilek beren bigarren filma aurkeztuko dute Donostian, eta sariak eta aitortzak jaso dituzte nazioarteko jaialdietan beren debutarekin: Federico Godfrid ("Pinamar"), Peter Monsaert ("Le ciel flamand"), Yu Liu ("Yi bai wu shi sui de sheng huo" / "One Hundred and Fifty Years of Life"), Gabe Klinger ("Porto") eta Jean-Gabriel Périot ("Lumières d'eté").

Gainerakoak, berriz, lehen film luzearekin lehiatuko dira Zinemaldian: Nely Reguera -"María (y los demás)"-, Morgan Simon ("Compte tes blessures" / "A Taste of Ink"), Ana-Felicia Scutelnicu ("Anisoara" / "Anishoara"), Moroco Colman ("Fin de semana"), Hyun-ju Lee ("Yeon-ae-dam" / "Our Love Story"), Alexandra Balteanu ("Vanatoare" / "Prowl"), Maysaloun Hamoud ("In between"), Yunbo Li ("Hu Xi Zheng Chang" / "Something in blue") eta Sofia Exarchou ("Park").

Zinemagile gazteentzako bultzada

Zinemaldiko iazko Kutxabank-Zuzendari Berriak saria irabazi zuen filma ("Le nouveau" / "The New Kid" komedia) nazioarteko beste zenbait jaialditan izan zen, hala nola Zagreben, Melbournen edo Lisboan (azken horretan Publikoaren saria irabazi zuen), eta Espainiako Estatuan estreinatu dute.

1976. urteaz geroztik, Zinemaldiak gune berezi bat eskaini die zuzendari berriei, eta 40 urte hauek "abiapuntu garrantzitsua" izan dira hainbat zinemagilerentzat, hala nola Pedro Almodovar, Ivan Zulueta, Olivier Assayas, Tsai Ming-liang, Danny Boyle, Walter Salles, Nicolas Winding Refn, Lee Daniels, Bong Joon-ho, Laurent Cantet eta Lucile Hadzihalilovic.

Kutxabank-Zuzendari Berriak saria nazioarteko epaimahai batek ematen du. 50.000 euro dira, eta zuzendariak eta filmaren Espainiako banatzaileak jasotzen dituzte.

Sail honetako filmak Gazteriaren Eroski saria lortzeko hautagai ere badira. Sari hori 18 eta 25 urte bitarteko 300 ikaslek osatutako epaimahai batek erabakitzen du.