Itxi

Zinemaldia 2024

Irailak 16-24

Alberto Rodriguezen azkena, Zinemaldiko Sail Ofizialean

N.V. | eitb.eus

Sail Ofizialetik kanpo, Koldo Almandozen, Mikel Ruedaren eta Las Chicas de Pasaiken azken lanak eta “Kalebegiak” Donostia 2016k sustatutako film kolektiboa ikusi ahalko dira.

1:24

Donostiako Zinemaldiak aurtengo edizioan, irailaren 16tik 24ra, ikusgai egongo diren Espainiako Estatuan ekoitzitako filmak aurkeztu ditu gaur, Zinema Arte eta Zientzien Espainiako Akademiaren egoitzan, Madrilen.

Ikusi ahalko diren 15 film horien artean, lau euskal ekoizpen egongo dira, Jose Luis Rebordinos zuzendariak eta Ruth Perez de Anucita Komunikazio arduradunak gaur iragarri dutenez: “Sipo Phantasma (Untzi fantasma)” Koldo Almandozen lehen film luzea, Zabaltegi-Tabakalera aurten lehiazkoa izango de sailean; “Caminan (Bidean)” Mikel Ruedaren film laburra eta “Gure hormek / Our walls” Las Chicas de Pasaik taldearen (Maria Elorza eta Maider Fernandez Iriarte) lana.

Horiez gain, Belodromoan, 3.000 pertsonaren aurrean, “Kalebegiak” Donostia 2016 Kultura Hiriburutzaren ikus-entzunezko apusturik sendoena ere estreinatuko dute. Lana Donostian filmatutako eta hirian oinarritutako hamabi istoriok osatzen dute. Zuzendari hauek hartu dute parte proiektuan: Koldo Almandoz, Asier Altuna, Luiso Bedrejo, Daniel Calparsoro, Iñaki Camacho, Las Chicas de Pasaik, Borja Cobeaga, Telmo Esnal, Isabel Herguera, Ekain Irigoien, Julio Medem, Izibene Oñederra, Gracia Querejeta eta Imanol Uribe.

Alberto Rodriguez, Rodrigo Sorogoyen eta Jonas Trueba, Sail Ofizialean

Euskal ekoizpenez gain, Zinemaldiko arduradunek Sail Ofizialean parte hartuko duten espainiar filmen izenak jakinarazi dituzte. Alberto Rodriguez zuzendari sevillarrak (“La isla minima”, “7 virgenes”…) “El hombre de las mil caras” filma aurkeztuko du, Rodrigo Sorogoyen (“Stockholm”) “Que dios me perdone” thrillerrarekin lehiatuko da eta “La reconquista” Jonas Truebaren lana ere Urrezko Maskorra lortzeko bidean egongo da.

Halaber, “A Monster Call” J.A. Bayona zuzendari bartzelonarraren filma ere emango dute Donostian, lehiaketatik kanpo. Gainera, Sigourney Weaver filmaren protagonistak Donostia saria jasoko du.

Sail Ofizialeko emanaldi berezien barruan, Diego Galan zinemagile eta Zinemaldiko zuzendari ohiaren eta Jo Sol gidoigile eta zinemagilearen azken lanak aurkeztuko dituzte.