Zinemaldia
Irailak 17
Ethan Hawke, gaurko protagonista erabatekoa
E.G | EITB.EUS
Aktore estatubatuarrak Donostia sarietako bat jasoko du gauean Kursaalen egingo duten ekitaldian. Hawkek bere azken filma ekarriko du besapean: 'The Magnificent Seven'.
2016ko Zinemaldiaren hasiera ekitaldiaren bestondotik errekuperatzeko gaudela, AEBko zeluloidearen izar baten distirak astinduko du larunbat honetan, Zinemaldiaren bigarren egunean, Donostia. Ethan Hawke aktore estatubatuarrak 64. edizio honetako Donostia sarietako bat jasoko du gaur.
Kursaal jauregian, 22:15ean hasiko den galan, emango diote golardoa. Ikusmira erabatekoa da, eta ohi bezala, aspaldi agortu ziren ikuskizuna bertatik bertara ikusteko sarrerak. Etxeko sofatik jarraitzeko aukera izango da, ordea, ETB-1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko baitute.
Saria eskuan, Hawken azkenengo filma izango da ikusgai (23:00etan da emanaldia, eta sarrerak egunean bertan eros daiteke bakarrik): The Magnificent Seven. John Sturgesek 1960an egindako filmaren bertsioa da Antoine Fuqua zuzendariak dakarrena, Akira Kurosawaren Shichinin no Samurai/Seven Samurai filmean oinarritutakoa. Istorio klasiko baten ikusmolde moderno bat ekartzen digu Fuquak. Veneziako zinema-jaialdia itxi zuen The Magnificent Seven pelikulak.
Hawke da film luze horren protagonista, baina Denzel Washington, Chris Pratt eta Vincent d'Onofrio aktoreek ere parte hartu dute bertan.
Aktore ezagun ugari
Hawke lau aldiz izendatu dute Oscarretarako eta hiru hamarkada daramatza goren-gorenean. Haren ibilbideak izaera malgua duen aktorea dela erakutsi du, gidoilaria, zuzendaria, idazlea eta aktorea izateko erronkei aurre egin die, bai antzerkian baita zineman ere.
Hawkekin batera, hainbat aurpegi ezagun izango dira larunbat honetan Donostian. Gael Garcia Bernal aktore, zuzendari eta zinema-ekoizle mexikarrari Latinoamerikako Zinemaren Jaeger-Lecultre saria emango diote gaur. Pablo Larrainen Neruda filmaren aurkezpen-galan (Filmak Zinemaldiko Perlak sailean lehiatuko da) emango da saria, Garcia Bernal protagonistetako bat baita.
Sail ofizialean lehiatuko den El hombre de las mil caras filmeko lantaldea, Alberto Rodriguez zuzendaria buru dutela Jose Coronado, Eduard Fernandez, Carlos Santos, Marta Etura eta Alba Galocha aktoreak ere izango dira Gipuzkoako hiriburuan. Sergi Lopez aktorea, berriz, Arnaud des Pallieres zuzendariaren Orpheline / Orphan filma aurkeztera etorriko da.
Bisita berezia ere edukiko du gaurko egunak, Diego Galan Zinemaldiaren zuzendari ohiak bere azken lana aurkeztuko baitu, lehiaketatik kanpo hori bai. Carmen Machirekin batera etorriko da Galan.
Sail ofizialeko lau film ikusgai
Bigarren egun honetan Urrezko Maskorragatik lehian izango diren hiru film ikusiko dira Donostian, eta beste bat lehiaketatik kanpo.
Alberto Rodriguez zuzendari sevillarrak El hombre de las mil caras ekarriko du besapean. Hirugarren aldia du Rodriguezek Sail Ofizialean, El factor Pilgrim (2000) eta La isla minima (2014) filmen ostetik.
El hombre de las mil caras herrialde oso bat engainatu zuen gizonaren istorioa da. Tranpatien eta iruzurgileen istorio honek egiazko gertaerak kontatzen ditu eta azken hamarkadetan intriga gehien piztu duten pertsonaietako bat du inspirazio iturri: Francisco Paesa espioia.
Arnaud des Pallières zuzendari frantsesak Orpheline/Orphan aurkeztuko du. Emakumezko lau pertsonaiaren bizitzako lau momentu kontatzen ditu filmak.
La fille de Brest/150 milligrams, bestalde, Emmanuelle Bercot frantses zuzendariaren bosgarren lana da, eta Europan lehen aldiz erakutsiko dute. Filma Irene Frachon sendagilearen Mediator 150 mg liburuan dago oinarrituta.
Lehiaketatik kanpo, azkenik, Manda huevos pantailaratuko dute, Diego Galan zinemagile, kritikari eta Zinemaldiaren zuzendari ohiaren azkena. Filma Con la pata quebrada dokumentalaren ifrentzua da. Dokumentalak emakumeekin egiten zuen bezala, Manda huevos filmak gizonen ikuspegia erakusten du Espainiako zineman.
Gainerako sailetan ikusgai egongo diren filmak Zinemaldiaren webgune ofizialean kontsulta ditzakezu.