Itxi

Zinemaldia 2024

Europa mailako estreinaldia

Snowden, zapalketaren arkitektura atakan jarri zuen gaztea

Natxo Velez | eitb.eus

Oliver Stonek “Snowden” filma estreinatu du gaur Zinemaldian, Edward Snowden herritarren espioitza masiboa salatu zuen CIAko eta NSAko langile ohiaren nondik norakoak kontatzen dituen pelikula.

1:36

Oliver Stone (New York, 1946) Zinemaldira itzuli da, 2012an Donostia saria eman zion zinema jaialdira, "Snowden" Europan aurkeztera. Filmak gure pribatutasunaren eta segurtasunaren izenean gobernuek gure datuez egiten duten erabileraren inguruko hausnarketa proposatzen du, Edward Snowdenen istorioaren bidez.

Edward Joseph Snowden CIAko eta NSA AEBko Segurtasun Agentzia Nazionaleko langileak bere etorkizun, ibilbide profesional eta neska-lagunarekiko bizitzari uko egin zion, mundua espioitza agentziek datu pertsonalez egiten duten erabileraz ohartarazteko. Horretarako, hainbat dokumentu sekretu zabaldu zituen, hainbat kazetariren laguntzaz, eta, horren ondorioz, Errusian bizi da, errefuxiatuta, AEBra itzuliz gero epaiketa bidezkorik edukiko ez duen ustean.

Stone onik atera da datu tekniko eta burokratikoz gainezka dagoen istorioa erritmo arinean kontatzeko ahaleginetik, eta ikuslea hausnarketara bultzatzen du, teknologiarekiko harremanaren gainean eta gure bizitzak uzten duen aztarna digitalaz pentsatzera. Istorioak dei egiten digu gure pribatutasuna askatasunez bizi dugun, berori zaintzeko aukerarik dugun, gogoan erabiltzeko; terrorismoaren mehatxuaren mamupean gure pribatutasunaz gozatzea, eskubidea barik, pribilegio ez ote duten bihurtu pentsatzera gonbidatzen gaitu.

Horren haritik, Oliver Stonek Edward Snowdenen helburuari lagundu dio atseginez ikusten den filmaren bitartez, Gobernuarentzat lan egitetik herritarrentzat lan egitera pasatu den espioi ohiak filmaren lantaldeari azaldu zionez; izan ere, horretarako egin die uko bere askatasunari eta lehengo bizimoduari, eta hori da bere xedea: jendeak gogoeta egitea.

"Stasi baino urrunago heldu da Obamaren administrazioa"

Albo banatan Joseph Gordon-Levitt (Edward Snowden) eta Shailene Woodley (Lindsay Mills, Snowdenen neska-laguna) zituela estatubatuar zuzendariak filma proiektatu eta gero kazetariei azaldu digunez, Obamaren gobernuak, Internet askeago baten alde lan egingo zuela agindu arren, kontrako bidea egin du: "Gizon zintzoa ematen zuen, baina presidente izendatu eta bost urtera guztiz kontrakoa zela erakutsi zuen, eta horregatik egin zuen Snowdenek egin zuena; Obamak zaintzarako inoiz asmatu den operatibo handiena eraiki du, Stasi Alemaniako Errepublika Demokratikoaren inteligentzia zerbitzuek sortu zutena baino handiagoa", salatu du.

"Platoon" eta "JFK" filmen zuzendariak gaitzetsi egin du AEBko hauteskundeetarako ezein hautagaik Snowdenez edo, behinik behin, zaintza globalaz hitz egin ez izana, eta Obamari zuzendu zaio, "errukia erakutsi" eta Snowden barka dezala eskatzeko.

Snowdenek Errusiatik egin duen eskakizun bakarra AEBra itzuli, bidezko epaiketa izan, bere burua defendatu eta egindakoari aurre egitea dela erantsi du Stonek.

Oliver Stone Joseph Gordon-Levitt Zinemaldia Efe

Bere filmetan, besteak beste, Vietmango gerra, Wall Streeteko kapitalismoa eta AEBk Erdialdeko Amerikan izan duen jokabidea kritikatu du zinemagileak orain arte, eta segurtasunaren eta askatasunaren talkari heldu dio oraingoan: "Terrorismoa aitzakia da, eta benetan garrantzia duena kontrol ekonomiko eta soziala da".

"Alemanek ere entzun zuten, 30eko hamarkadan, segurtasunaren mesedetan askatasunei uko egiteko kalaka hori: egin zuten lehenengo gauza hori izan zen, zuek babesteko gaude hemen eta leialtasuna zor diguzue esan", adierazi du Stonek.

"Horrela hiltzen da askatasuna eta jaiotzen da totalitarismoa", esan du. "Muturreko erantzuna da terrorismoaren izenean arau guztiak aldatzea. Gu babestera etorri direla esaten duten faxista eta tiranoen aurrean adi egon behar dugu; nik ez dut horrelako babesik nahi", erantsi du Stonek kazetarien txaloen artean. Txalo-zaparrada horrek bat egin du film amaieran eskaini diotenarekin, nolabait: filmaren bukaeran, jende multzo handi batek txalo egiten dio benetako Edward Snowdeni, ezinbestean plasmako pantaila baten atzetik hitzaldia egin eta gero. Ironikoa da plasmako pantailen erabilera: boteretsu batzuek herritarren beldur direlako erabiltzen dituzte, eta herritar batzuek, berriz, boteretsuak beraien beldur direlako.

eldur direlako.