Itxi

Zinemaldia 2024

Jarraipen zabala

EiTB, 65. Donostia Zinemaldiaren leihoa

Irailaren 30era bitartean, Donostiako zinema jaialdiko ekitaldi nagusien berri emango da irrati, telebista zein internet bidez.

65. Donostia Zinemaldiaren berri emango du Euskal Irrati Telebistak bere medio guztietan, irrati, telebista eta internet bidez. Ekitaldi nagusiek oihartzun eta tarte zabala izango dute ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta eitb.eus-en gaurtik irailaren 30era bitartean.

Irekiera eta itxiera ekitaldiak ETB1en eta eitb.eus-en izango dira ikusgai, zuzenean, 21:00etan. Ostiral honetako gala Anne Igartiburuk eta Leticia Dolerak gidatuko dute.

Euskal Zinema eta ETBren Gala (irailak 26, 20:30) eta Donostia sariak emateko ekitaldiak (irailak 24, 20:00; irailak 26, 22:00; eta irailak 27, 20:00) ETB4n eta eitb.eus-en eskainiko dira, horiek ere zuzenean (irailaren 24koa izan ezik). Agnes Varda (24ean), Ricardo Darin (26an) eta Monica Bellucciren (27an) ibilbideak nabarmenduko ditu aurten Donostiako zinema jaialdiak.

Zinemaldiak tartea izango du egunero ETBko albistegietan. Zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta bertan aurkeztuko diren filmen kronikak eskainiko dituzte. Kazetari eta teknikari lantalde osoa arituko da lanean horren guztiaren berri emateko bederatzi egunetan. '¡Que Me Estás Contando!' eta 'Ahoz Ahoz' saioek ere jarraipen estua egingo diote.

'EiTB Kultura Transit'ek bi saio eskainiko dizkio Zinemaldiari. Aste honetan, aurtengo edizioaren nobedadeak kontatuko ditu Jose Luis Rebordinosek. Gainera, hobeto ezagutuko dugu Donostia Zinemaldia, eta baita zuzendaria bera ere. Datorren astean, Julia Juaniz aurten Zinemira saria jasoko duen zuzendari eta muntatzaile nafarra elkarrizketatuko dute, eta beste protagonista batzuekin hitz egingo dute. Berebat, Zinemadian aurkeztuko diren euskal film batzuk eta horien egileak aurkeztuko dituzte Sortzaileak atalean.

Euskadi Irratia eta Radio Euskadi ere, Zinemaldian

Euskadi Irratiko entzuleek gertu-gertutik bizi ahalko dute Zinemaldian gertatzen den guztia. Egunero, konexio bereziak egingo dituzte Zinemaldian arituko den lantaldearekin. Prentsaurrekoak, protagonistak eta zaleen iritziak ekarriko dizkigute bertako lankideek, eta iruzkina, balorazioa eta kritika egingo dute Arkaitz Basterra zuzendariak eta Begoña del Teso zinema kritikariak. Goizean, 11:00etan, eta arratsaldean, 16:30ean, zabalduko ditu Zinemaldiaren leiho bereziak. 14:15ean, 'Kultur Leihoa'k eguna sakon aztertuko du Mari Jose Uria lankidearen laguntzarekin. Aurten, zinemaldian aurkeztuko den euskal produkzioari erreparatuko dio bereziki Euskadi Irratiak. Horrenbestez, irailaren 24an Handia pelikularen egun handia izango denez, horren berri zehatza emango digu Mikel Yarzak.

Radio Euskadiko programazioan ere, tarte nabarmena izango du egunero Zinemaldiak. Eguneko kronikak, erreportaje bereziak eta protagonistei elkarrizketak egiteaz arduratuko dira Felix Linares, Ainhoa Agirre eta Mari Jose Villaverde kazetariak albistegietan eta saio nagusietan ('Boulevard', 'Iflandia', 'Graffiti' eta 'Más Que Palabras'). 'Kultura.eus' saioan ere, luze eta zabal jardungo dira Donostiako zinema jaialdiaz egunero.

Webgune berezia eitb.eus-en

eitb.eus-ek, berriz, webgune berezia eskainiko dio, eta Zinemaldiak ematen duena bere ikuspegitik landuko du bertan. Halaber, streaming bidez emango ditu ekitaldi berezienak. Bideoak eta argazki galeriak ere argitaratuko ditu, eta telebistako eta irratiko lankideek sortutako edukiak kaleratuko dituzte. Arreta berezia egingo diete webgunean Euskal Zinema eta ETB Galan aurkeztuko den Elkarrekin-Together dokumentalari eta Handia filmari. Horrez gain, Felix Linaresek kronika egingo du egunero eitb.eus-en.