Zinemaldia 2024
Irailaren 24an, Tabakaleran
'Bizikleta-lapurrak' filma zaharberrituta proiektatuko dute Zinemaldian
eitb.eus
Lyongo Lumière zinema jaialdiarekin lankidetzan, film klasiko zaharberritu bat eskainiko dute urtero Donostiako jaialdian.
Zaharberritutako film klasiko baten emanaldia urteroko hitzordu bihurtzeko elkarlanean hasi dira Donostia Zinemaldia eta Lyongo Lumière zinema jaialdia. Ekimenari hasiera emateko, Vittorio De Sicaren Ladri di biciclette / Bycicle Thieves (1948) ekoizpena aukeratu dute, Italiako neorrealismoaren film enblematikoa.
Boloniako Cineteca Fundazioko L’imagine Ritrovata laborategiak (Italia) zaharberritu du filma, ikerketa, kontserbazio eta zaharberritze zinematografikoaren alorrean mundu-mailan erreferentzia den zentroak.
Urtero, Zinemaldiak eta Lumière zinema-jaialdiak elkarrekin aukeratutako film bat proiektatuko dute Donostian, eta Ladri di biciclette Tabakalerako zinema-aretoan ikusi ahalko da aurten, irailaren 24an (astelehena).
Zinemaren historiako lan kanonikoetako bat da filma, eta atzerriko film onenaren Oscar saria irabazi zuen 1949an.
Gerraosteko Erroman, Antonio langabeak kartelak jartzeko lan erraz bat aurkituko du. Baldintza bakarra dago: bizikleta eduki izan du. Ozta-ozta lortuko du bat erostea, baina lehenengo lanegunean lapurtu egingo diote. Antonio bizikleta berreskuratzen saiatuko da, Bruno semearekin batera.