Zinemaldia 2024
Kontzertua
Paseoa zineman zehar, EOSen eta Zinemaldiaren eskutik
eitb.eus
Irailaren 22an, eguerdian, Belodromoan soinu banden interpretazioak entzun eta pelikulen eszenak ikusteko aukera egongo da, doan.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hamar filmetako musika joko du, Donostiako Zinemaldiaren programaren baitan, irailaren 22ko eguerdian, larunbatarekin, Belodromoan, gonbidapena doan lortu ahalko duten 2.700 lagunentzat. Fernando Velazquez getxoztar musikagile eta zuzendaria (Gernika, Un munstro viene a verme eta beste hainbat filmen musika sortu du) arduratuko da musikariak gidatzeaz.
Hain zuzen ere, Velazquezek bost film hauetarako jositako doinuak entzun ahalko dira: Zipi y Zape y la isla del capitán (Oskar Santos), Gernika (Koldo Serra), El secreto de Marrowbone (Sergio G. Sánchez), Contratiempo (Oriol Paulo) eta Un monstruo viene a verme (Juan Antonio Bayona).
Horiez gain, Locura de amor (Juan de Orduña), Tadeo Jones 2: El secreto del rey Midas (Enrique Gato eta David Alonso), El elegido (Antonio Chavarrías) eta Todos los hombres sois iguales (Manuel Gómez Pereira) filmen musika ere joko dute, baita Go!azen (Jabier Elortegi eta Aitor Aranguren) filmekoa ere, zeinetan Iholdi Beristain, Ainhoa Larrañaga eta Aritz Mendiola kantariak batuko baitzaizkio orkestrako musikariei.
Joan den urteetan bezala, zuzeneko musika pelikuletako eszenen proiekzioarekin uztartuko da 400 m2-ko pantailan. Sarrera doakoa da, eta joan nahi dutenek gonbidapena eskatu beharko dute irailaren 15etik 21era Donostiako Zinemaldiaren Kursaaleko eta Okendo plazako informazio puntuetan, 09:00etatik 20:00etara; edo Donostia Turismoren bulegoan, astelehenetik larunbatera 09:00etatik 20:00etara eta igandean, 10:00etatik 19:00etara.