Zinemaldia 2024
Sail Ofiziala
Isaki Lacuesta Sail Ofizialera itzuliko da, 'Entre dos aguas' pelikularekin
M. D. | eitb.eus
2011n Urrezko Maskorra irabazi zuen zuzendariak 'La leyenda del tiempo' filmean hasitako istorioari heldu dio berriro. Gainera, Joseba Sarrionandiari buruzko 'Gure oroitzapenak' ikusi ahalko da gaur.
-
Isaki Lacuesta zuzendariaren 'Bi uren artean' pelikula.
Isaki Lacuestaren pelikula berria ikusi ahalko da gaurko estreinaldien artean Zinemaldian. Zuzendariak Urrezko Maskorra irabazi zuen 2011n, Los pasos dobles pelikularekin, eta aurten Sail Ofizialera itzuli da Entre dos aguas filmarekin. Orain dela lau urte ere egon zen Donostian, Murieron por encima de sus posibilidades lana lehiaketatik kanpo aurkezten.
Kataluniarra La leyenda del tiempo (2006) pelikulan agertutako pertsonaiengana bueltatu da. Isra eta Cheito San Fernandoko (Cadiz) bi anaia ijito dira. Lacuestaren bigarren film luzeko protagonistak izan ziren orain hamar urte baino gehiago.
Isra kartzelatik irten berri da, drogarekin trafikatzeagatik jarritako zigorra bete ondoren. Cheito anaiak armadan egiten du lan, eta misio batetik itzuli berri da. Berriz elkarrekin bat egitean, aitaren heriotza etorriko zaie burura. San Fernandorekin harreman estua du pelikulak; izan ere, Espainiako Estatuan langabezia maila altuena duten herrien artean dago.
Beste bi film luze estreinatuko dituzte Sail Ofizialean: High Life (Claire Denis), espazio-ontzi batean isolatuta bizi diren Monte eta Willow alabaren istorioa, eta Baby (Liu Jie), VACTERL sindromea daukan Jiang Meng 19 urteko neskatoari buruzkoa.
Gainera, Enrique Urbizuk Gigantes telesaila estreinatuko du. Todo por la pasta, La caja 507 eta No habrá paz para los malvados pelikulen zuzendariak narkotrafikatzaileak diren Guerrero anaien istorioa kontatzen du.
'Gure oroitzapenak'
Zinemiran, publikoak EiTBren partaidetzarekin ekoitzitako Gure oroitzapenak filma ikusi ahalko du lehenengoz. Joseba Sarrionandiaren "aurpegi poliedrikoari" buruzko pelikula da, eta haren literaturan ikus daitezkeen elementu batzuk daude bertan; itsasoa, deserrotzea eta fantasia, esaterako.
Euskal autoreen zerrenda luze batek zuzendu du pelikula: Oskar Alegria, Ozcän Alper, Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Eugène Green, Itziar Leemans, Josu Martinez, Fermin Muguruza, Ane Muñoz, Carlos Quintela, Maider Oleaga eta Maialen Sarasua.