Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Culinary Zinema

Sukaldaritza eta 60ko hamarkadako euskal abangoardia, gaur, 'Bihar dok 13' pelikulan

M. D. | eitb.eus

Gainera, Sail Ofizialeko azkena ikusi ahal izango da, 'Blind Spot', Tuva Novotny zuzendariarena, ama baten eta alaba nerabearen arteko harremanari buruzkoa.

  • 'Bihar dok 13' pelikularen irudi bat.

    'Bihar dok 13' pelikularen irudi bat.

Bihar dok 13 izango da gaurko menuko plater nagusia. 18:15ean aurkeztuko dute Aitor Bereziartua eta Ander Iriarte zuzendariek, Culinary Zinema atalean.

Pelikulan, Basque Culinary Centerreko zenbait ikaslek 1966ko Euskal Herrira bidaiatuko dute menu berezi bat sortzeko helburuarekin: Bihar dok 13. Iraganera egindako bidaian, ikasleek Gaur, Ez dok amairu eta Euskal Sukaldaritza Berria mugimenduak ezagutuko dituzte. Elementu horiekin egingo dute euskal kulturako pertsonaia esanguratsuek dastatuko duten menua.

EiTBren partaidetzarekin sortutako filma da.

Sail Ofizialeko azken pelikula ikusi ahalko da gaur: Blind Spot (Tuva Novotny). Lehiaketa ofizialean parte hartzen duten bost emakumeren zerrendan dago Suediako zuzendaria. Pelikulan, ama batek zailtasunak izango ditu bere alaba nerabearen krisia ulertzeko, tragedia batek familia osoa astintzen duenean.

Capharnaüm filma ere nabarmentzeko modukoa da. Nadine Labakiren (Caramel) lanak Perlak saila itxiko du. Zuzendariak bi aldiz irabazi du Zinemaldiko Publikoaren Saria, eta Cannesen Epaimahaiaren Saria irabazi duen pelikula ekarriko du oraingoan.