Zinemaldia 2024
Azken eguna
Maskorrak nork eramango dituen argitzear da Zinemaldian
eitb.eus
Gaueko galan jakingo dugu Donostiako Zinemaldiaren 66. edizioko sariak nork eramango dituzten. “Bad Time at the El Royale” pelikulak itxiko du Sail Ofiziala, lehiaketatik kanpo.
-
Kursaalen izango da itxiera gala, 21:00etatik aurrera. Argazkia: Efe.
Dena dago erabakita dagoeneko Donostiako Zinemaldian. Gaur gauean, 21:00etan hasiko den galan (zuzenean ikusi ahalko da ETB1en eta eitb.eus-en), jakingo dugu nork eramango dituzten film onenaren Urrezko Maskorra eta aktore onenen, argazkilaritza onenaren eta gidoi onenaren Zilarrezko Maskorrak.
Aurtengo epaimahaiaren burua Alexander Payne estatubatuar zinemagilea da, eta ondoan izan ditu bederatzi egun hauetan Bet Rourich, Agnes Johansen, Nahuel Perez Biscayart, Constantin Popescu eta Rossy de Palma. Beraien esku dago erabakia.
Galan, halaber, New Directors eta Zabaltegi-Tabakalera sailetako irabazleak ere iragarriko dituzte, besteren artean. Lehenengoan, ‘Oreina’ Koldo Almandozen filma dago lehian, eta bigarrenean ‘592 metroz goiti’ Maddi Barberren film labur dokumentala.
Horrez gain, Euskal Zinemaren Irizar Saria 20 hautagaietako zeinek irabaziko duen ere jakingo dugu.
“Bad Time at the El Royale” Drew Goddardek zuzendutako filmak itxiko du Zinemaldia aurten, aktore taldean Jeff Bridges, Chris Hemsworth, John Hamm eta Dakota Johnson dituen pelikulak.
Gainera, azken egun honetan, “A star is born” Bradley Cooper aktore eta filmeko zuzendaria Donostiara ekarri duen filma, “Gure oroitzapenak”, “Black is Beltza” eta “Errementari” ikusi ahalko dira.