Itxi

Zinemaldia 2024

Sari banaketa

Bere bigarren Urrezko Maskorra lortu du Lacuestak, 'Bi uren artean' pelikulagatik

Mikel Dominguez | eitb.eus

'Gorria' filmak hiru sari irabazi ditu: Benjamin Naishatek, Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra; Dario Grandineti, Gizonezko aktore onenarena, eta Pedro Sotero, Argazkilaritza onenaren saria.

Entre dos aguas (Bi uren artean) pelikulak irabazi du 66. Zinemaldiaren Urrezko Maskorra. Jaialdiaren historian gutxik egin dutena egin du Isaki Lacuesta zuzendariak: bere bigarren sari nagusia jaso.

2014an bezala, Los pasos dobles filmagatik Urrezko Maskorra irabazi zuenean, dokumentalaren eta fikzioaren mugetan mugitzen den pelikula batekin eskuratu du Zinemaldiaren sari nagusia.

Alexander Payne Epaimahaiaren presidentearen hitzetan, Bi uren artean "protagonisten bizitzak gertutik eta modu sinesgarri batean sentitzera bultzatzen duen" pelikula bat da, "erretratu sozial bihozbera" bat irudikatuz.

Talde teknikoaz gainera, eszenatokira pelikularen pertsonaiak —edo pertsonak— ere igo dira. Israk —Lacuestak La leyenda del tiempo (2006) filmean erakutsi zuen mutikoa, aurtengo Urrezko Maskorrarekin pantailara itzuli dena— lankideen lana eta Donostiako jaialdiaren harrera eskertu ditu, oso hunkituta. Lacuestak Israel Gomezi lana eman diezaiotela eskatu die ekoizle espainiarrei, "12 urte barru" elkarrekin egiten duten hurrengo pelikula grabatu baino lehen.

Isaki Lacuestak, gainera, Cheito anaiaren ahotsa eraman du Kursaalera, WhatsAppeko audio baten bidez. Lan kontuengatik ezin izan du Donostian egon.

Izan ere, San Fernandoko (Cadiz) langabezia eta bi anai ijitoen traumak eta harreman pertsonalak daude Bi uren artean pelikulan.

Isaki Lacuestak Zinemaldiko historian Maskorra bi aldiz irabazi duten beste bost zuzendarien zerrendara batu da: Francis Ford Coppola, Bahman Ghobadi, Arturo Ripstein, Imanol Uribe eta Manuel Gutierrez Aragon.

Hiru sari Gorria pelikularentzat

Urrezko Maskorraz aparte, Rojo (Gorria) izan da gaueko beste irabazlea. Argentina, Belgika, Brasil, Alemania, Frantzia eta Suitzako koprodukzio bat da.

Benjamin Naishtatek irabazi du Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra. Argentinarrak Horizontes Latinos sailean hartu zuen parte 2014an, urtebete lehenago Zinema Eraikitzen aukeratua izan zen Historia del miedo pelikularekin.

 

 

Rojo 70. hamarkadako Argentina burgesean dago kokatuta, Maria Estela Martinez de Peron presidentea boteretik kendu zuen golpe militarraren aurreko urteetan. Dario Grandinetti abokatu baten papera egiten du, eta berak irabazi du Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra.

"Gauzak laguntzen duen gizarte bat dagoelako gertatzen dira. Gobernuan daudenak ez dira Martekoak. Ikasi behar dugu, eskubideak murrizteko politikekin ustekabean harrapatu ez gaitzaten, berriro ziria sartu ez diezaguten. Hona ekarpen txiki hau, zinematik", esan du Grandinettik.

Gainera, Pedro Soterok Argazkilaritza onenaren Epaimahaiaren saria eskuratu du pelikula honetan egindako lanagatik.

Emakume bakarra Sail Ofizialeko palmaresean

Alpha, Hiltzeko eskubidea pelikulak, Brillante Mendoza filipinarrarena, Epaimahaiaren sari berezia eskuratu du.

Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Pia Tjeltak irabazi du, Puntu itsua pelikulan egindako lanagatik. Ama batek bere alaba nerabearen krisia ulertzeko dauzkan zailtasunei buruz doa filma, eta beste emakume batek zuzendu du, Tuva Novotnyk.

 

 

Gidoi Onenaren Epaimahaiaren saria bi pelikularen artean banatu da. Paul Laverty —Kubako blokeo ekonomikoa izan du gogoan— Yuli filmagatik saritu dute, eta Louis Garrel eta Jean-Claude Carriere, Gizon leiala pelikularen gidoiagatik.

Beste sari batzuk

Sail Ofizialaz aparte, honako sariak dira nabarmengarriak: Zuzendari Berriak Saria, Hiroshi Okuyamarentzat (Jesus); Horizontes Latinos Saria, Familia sumergida pelikularentzat, Maria Ache zuzendariarena, eta Zabaltegi-Tabakalera Saria, Jean Gabriel Perioten Song for the jungle laburmetraiarentzat.

Gainera, Koldo Almandoz gipuzkoarraren Oreina pelikulak Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazi du, eta Un día más con vida animazioak, Raul de la Fuente nafarra eta Damian Nenowena, Publikoaren Saria. Bietan hartu du parte EiTB.

Itxiera ekitaldiaren ostean, Garai txarrak El Royalen filmea aurkeztu dute, Drew Goddard zuzendaria eta Chris Hemsworth aktorearekin.