Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Irailak 20-28

Penelope Cruzek Donostia saria jasoko du eta Zinemaldiaren irudia izango da

eitb.eus

Madrildar aktoreak Donostiako jaialdiaren sari gorena hartuko du, eta kartelaren protagonista izango da.

  • Penelope Cruz

    Cruzek Donostia saria jasoko du, bere ibilbide osoagatik. Argazkia: Efe.

Penelope Cruz madrildar aktoreak Donostia saria jasoko du aurten irailaren 20tik 28ra ospatuko den Donostiako Zinemaldiaren 67. edizioan. Aurretik, besteak beste, Oscar eta Bafta sari bana, hiru Goya eta ohorezko Cesar sari bat jaso ditu Cruzek pantailan egindako lanagatik.

Gainera, Cruz aurtengo kartelaren protagonista izango da, iaz Isabelle Hupert aktorearekin Zinemaldiak abiatu zuen filosofiari jarripena emateko. Iaztik, Zinemaldiko arduradunek gaur egungo zinemako pertsona ospetsu bat aukeratzen dute jaialdiaren ikur izan dadin, eta aurten Penelope Cruzek beteko du zeregin hori.

"Donostia Sariaren berri hau emozioz beteta eta Donostia Zinemaldiarekiko esker onez jaso dut, sekulako ohorea da niretzat. Zinemaldia ez da soilik nazioartean errespetu handia duen zinema-jaialdia, Espainiako garrantzitsuena ere bada. Gainera, maitasun berezia diodan lekua da, oso gaztetatik bertaratu naizelako eta oso une zirraragarriak bizi izan ditudalako bertan. Mila esker bihotz-bihotzez", esan du Cruzek esker onez, sariaren berri jasotzean.

Ibilbide oparoa

Penelope Cruzek (Madril, 1974) gaztelania, ingelesa, italiera eta frantsesa erabili ditu bere lanetan, eta protagonista izan da, besteak beste, film hauetan: Belle Époque (Fernando Trueba, 1992, ingelesez besteko film onenaren Oscar saria), Jamón, jamón (Bigas Luna, 1992), Abre los ojos (Alejandro Aménabar, 1997), La niña de tus ojos (Fernando Trueba, 1998), Todo sobre mi madre (Pedro Almodóvar, 1999, ingelesez besteko film onenaren Oscar saria), Sin noticias de Dios (Agustín Díaz Yanes, 2001), Vanilla Sky (Cameron Crowe, 2001), Volver (Pedro Almodovar), Vicky Cristina Barcelona (Woody Allen), Elegy (Isabel Coixet, 2008), Nine (Rob Marshall, 2009), Pirates of the Caribbean: On Stranger Tides (Rob Marshall, 2011), To Rome With Love (Woody Allen, 2013), Ma ma (Julio Medem, 2015), Todos lo saben (Asghar Farhadi, 2018), Dolor y gloria (Pedro Almodóvar, 2019) eta Wasp Network, Olivier Assayasek zuzendua eta oraindik estreinatu ez dena. Aurki nazioarteko beste bi produkziotan ere hartuko du parte: Simon Kinbergen 355 eta Todd Solondzen Love Child.

Donostian, hirutan lehiatu da Zinemaldiaren Sail Ofizialean: Todo es mentira (Álvaro Fernández Armero, 1994), Volavérunt (Bigas Luna, 1999) eta Venuto al mondo (Sergio Castellito, 2012). Loving Pablo (2017) aurkezteko izan zen azken aldiz Donostian, Javier Bardemekin batera, Perlak sailaren itxiera-ekitaldian, Belodromoan egin zen emanaldi jendetsu batean.