Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

ZINEMALDIA

Hiru lehen lan eta Andrei Gruzsniczkiren film luzea ikusiko dira Glocal in Progressen

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Aurreko bi edizioetan aurkeztutako sei filmetatik, hiru sartu dira Zinemaldiko sailen aukeran.

  • 'Andromeda Galaxy' filmaren fotograma

    'Andromeda Galaxy' filmaren fotograma. Irudia: @sansebastianfes

More Raça kosovotar zinemagilearen eta Pau Cruanyes eta Gerard Vidal zuzendari katalanen lehenengo lanak eta Andrei Gruzsniczki errumaniarraren film luze berria ikusiko dira Donostiako Zinemaldiko Glocal in Progress egitasmoaren hirugarren edizioan.

Hiru filmak postprodukzio-fasean daudela adierazi dute Zinemaldiko antolatzaileek, eta ekoizle, banatzaile, salmenta-agente eta programatzailez osatutako audientzia bati aurkeztuko zaizkiola, lanak amaitzen eta nazioartean banatzen lagundu dezaten.

Galaktika e Andromedës/Andromeda Galaxy filmean, iraupen luzeko langabetu batek Kosovon bizi duen egoera zaila irudikatu du More Raçak. Hiru film labur egin ondoren, zuzendu duen lehenengo film luzea da hau.

Andrei Gruzsniczkiren Emil filma Errumaniako herrixka batean girotutako eta umore beltzez jositako dolu eta mamu istorio bat da.

Pau Cruanyesek eta Gerard Vidalek beren lehenengo lana ekarriko dute: Les dues nits d’ahir/Yesterday’s Two Nights.

Aurreko bi edizioetan aurkeztutako sei filmetatik, hiru sartu dira Zinemaldiko sailen aukeran. 2018an, Dantza Sail Ofizialaren Emanaldi Berezietan izan zen eta Un om la locul lui/A Decent Man, berriz, New Directors sailean. Aurten, Zuzendari Berriak saria irabazteko lehian ikusiko da Ignas Jonynas zuzendariaren Nematoma, 2018ko Glocal in Progress jarduerako sariduna.

Hizkuntza ez-hegemonikoak

Glocal in Progress irailaren 23an, 24an eta 25ean egingo da, Zinema Eraikitzen 36 eta Europa-Latinoamerika VIII. Koprodukzio Foroa ekimenekin batera. Hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako ekoizpenak nabarmentzea du helburu.

Glocal in Progressen hautatutako filmek Glocal in Progress Industria Saria (10.000 euro) jasotzeko aukera izango dute film irabazlearen postprodukzio zerbitzuak hartuko dituzten enpresen eskutik.