Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Zabaltegi-Tabakalera

Izibine Oñederra: 'Film txikia da ‘Lursaguak’, hauskorra'

Natxo Velez | eitb.eus

Azkoitiar zinemagileak ‘Lursaguak’ film labur indartsua aurkeztuko du Donostiako Zinemaldian, Zabaltegi-Tabakalera sailean.

  • Izibene Oñederra

    Izibene Oñederraren lana Zabaltegi-Tabakalera sailean proiektatuko dute

 “Inoiz ezagutu ez den espezie bateko milioika lursagu milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala birrintzen ari diren garai horretantxe bizi gara”, Hélène Cixous intelektualaren esaldi hori du abiapuntu Lursaguak Izibene Oñederra (Azkoitia, 1979) zinemagilearen 12 minutuko film, ohi bezala, artegatsuak.

Kimuaken aurtengo katalogoan sartu den lana, ikusleari hainbat helduleku eskaintzen dizkion istorio iradokitzailea, Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatuko da, lanik berritzaile eta ezohikoenak biltzen dituen atalean. “Abiapuntu aparta” izango da filmerako, Oñederrak jarraian bildu dugun solasaldian esan digunez.

Zinemaldian, “Lursaguak” lanaren estreinaldia egingo duzu, lana publikoari erakutsiko diozu. Norentzat kaleratzen dituzu filmak?

Ikusle aktiboa dela uste dut, bere munduarekin osatzen duela nire proposamena. Ez da nire asmoa ikusleari lana ematea, plazera konpartitu nahi dut. Hitzekin baldar arituko nintzatekeen horretaz jarduteko nire modua da filmak egitea, dudan modurik eta onena.

Ikuslea edozein izan liteke, ez dago ikusle hoberik: zenbaiti iritsi egingo zaie filma, eta beste batzuk hotz utziko ditu. Nire filmak, hala ere, ez dira alor jakineko adituentzat egindakoak, inondik inora.

Zinemaldian izango da estreinaldia, Zabaltegi-Tabakalera sailean, eta aurretik ere parte hartu duzu Donostiako zinema jaialdian. Zer garrantzi ematen diozu Donostiako Zinemaldiari?

 “Lursaguak” film txikia da, hauskorra. Ez dago egina zinema industriako betebeharrei jarraituta, eta biziraupena zinemaldien sasoian izango duen oihartzunak markatzen du.

Nazioartean lehen mailako kategoria duen zinemaldian estreinatzeak indarra ematen dio filmari. Abiapuntu aparta da, eta gainera etxean!

Zabaltegi-Tabakalera saileko filmen artean, dagokion tokian ikusten dut, arriskuz egindako proposamenen artean.

Nola bizi izaten duzu Donostiako Zinemaldia?

Nahiko modu konpultsiboan aritzen naiz egun horietan filmak ikusten, betiere bestelako zereginek lagatzen didaten denboran.

Hélène Cixousen esaldi bat du oinarrian filmak. Zinemak badu gaitasunik unean uneko oinarri kontzeptualak birrintzeko? Zertan lagun dezake?

Milioika urtean eraikitako kultura birrintzen ari direnen irudia oso indartsua da. Esaldi horretan, interesgarria iruditzen zait, bestalde, orainaldiaren erabilera eta satorren edo lursaguen metafora: poliki, etenik gabe, iluntasunean eta lurrari lotuta.

Ez dakit arteari edo zinemari lan hori eskatzea gehiegitxo ez ote den edota beste inori lana emanaz norbera ardura gabe sentitzeko aitzakia. Bizitzeko aukeratzen dugun moduak eragin dezake inguru hobeagoa. Hortik aurrera galdera potoloegiak iruditzen zaizkit.

Estilo pertsonala duzu, zure lan guztiek zuri lotutako iruditeria bat osatu dute. Nola egiten duzu lan istorioa irudietara eramateko orduan?

Garrantzitsua iruditzen zait hasiera batean lanaren alderdi plastikoa hobestea narrazioaren gaitasunaren gainetik. Ideien senaren bitartezko analogietan konfiantza jartzen dut.

Lan prozesu irekietan jarduten dugu, eta, animazioan garatzen diren lan metodologiak errespetatu arren –lantaldean aritzeko ezinbesteko ordena ematen dute–, oso malgua naiz eszena batean gerta daitekeenaren mugak jartzerakoan.

Zuk esandakoa paradoxikoa da, inoiz baino gutxiago marraztu dudalako film honetan.

Zure obretako unibertso artega hori eraikitzeko, berebiziko garrantzia du musikak. Oraingoan, Javier Ucarrekin egin duzu lan. Nola egiten duzue lan irudiak eta musika txertatzeko orduan?

Pozten nau musikaren pisua nabarmendu izanak.

Egia esan, sortze prozesuan zehar ez dut animaziorik entzuten. Esan nahi dut animazio proiektu batekin bizi naizen bitartean bai eragiten didatela egunerokotasunak edo ametsek, edo ikusitako filmek edo irakurritakoek, baina soinuari ez diot erreparatzen.

Filma egituratutakoan joaten naiz soinu proposamenaren eskean. Uste dut Javik (Amsia) lan itzela egin duela: milaka kapa dituen atmosfera konplexua eraiki du, aldiro modulatzen ari dena, filma mikropasadizoz osatuta dagoelako.

Aldi berean aldakorra baina osotasunean sendoa den soinua da. Marrazkietako munduak modu naturalistan entzuten dira (horrela behar zuten hainbat gertaerak, esaterako baserrian gertatzen direnek), baina, bestalde, soinuak ametsezko irudikapen moduarekin lotura du. Bere erara eramateko gaitasun hipnotikoa du, beldurgarria, zirraragarria eta isila da aldika. Soinuaren fana naiz

Zer bide aurreikusten diozu edo opa diozu “Lursaguak” lanari?

Opa diot bere tokia bilatzea nazioarteko zinemaldietan, bizi luzea izateko modua hori delako.