Publizitatea
Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

2019/09/20

00:10

Zinemaldia

Jarraipen berezia

Donostia Zinemaldiaren leihoa zabaldu du EiTBk

EiTB

Irailaren 28ra bitartean, Donostiako zinema jaialdiko ekitaldi nagusien berri emango da irrati, telebista zein Internet bidez.

  • Zinemaldiaren 67. edizioaren kartela

    Zinemaldiaren 67. edizioaren kartela

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

67. Donostia Zinemaldiaren berri emango du Euskal Irrati Telebistak bere medio guztietan, irrati, telebista eta Interneten. Ekitaldi nagusiek oihartzun eta tarte zabala izango dute ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta eitb.eus-en, gaurtik irailaren 28ra bitartean.

Irekiera eta itxiera ekitaldiak ETB1en eta eitb.eus-en izango dira ikusgai, zuzenean. Irekiera gala 21:00etan izango da eta Cayetana Guillén Cuervo eta Loreto Mauleon aktoreek aurkeztuko dute, Borja Cresporen gidaritzapean. Itxiera gala datorren larunbatean izango da, irailaren 28an, 20:30ean.

Aurten, hiru Donostia sari banatuko ditu Zinemaldiak eta hiru ekitaldiak zuzenean izango dira ikusgai ETB4n eta eitb.eus-en. Larunbatean, 20:00etan, Costa Gavras zine zuzendariak; ostegunean, 22:00etan, Donald Sutherland aktoreak, eta ostiralean, 22:00etan Penelope Cruz aktoreak jasoko dituzte aurtengo Donostia sariak.

Astelehenean, irailaren 23an, Zinemaldiari buruzko 48 ordu Zinemaldian erreportaje berezia eskainiko du ETB1ek 22:00etan. Onintza Enbeitak gidatuta, zinema jaialdiaren protagonista, aktore eta zinegile gonbidatuak, profesionalak, Maria Cristina Hoteleko langileak eta zaleak hartuko ditu saioak, gonbidatu eta zinema jaialdiaren irudi zabala eskaintzeko asmoarekin. Ostiralean, irekiera ekitaldiarekin abiatu eta igandean La trinchera infinita pelikularen emanaldira bitartean, Donostian eta Zinemaldian gertatzen denaren lekuko izango dira.

Irailaren 24an, 21:30ean, Victoria Eugenia antzokian egingo den Euskal Zinemaren Gala ere zuzenean jarraitzeko aukera izango dugu. Asier Altuna eta Telmo Esnalen Agur Etxebeste pelikula eskainiko da galan, eta horrez gain, Zinemira saria banatuko dute. Jose Maria 'Txepe' Lara ekoizlearen ibilbidea sarituko dute aurten.

Gainera, ETB1eko 'Gure Kasa' saioak zuzenean jarraituko du Euskal Zinemaren Galaren protagonisten iritsiera Victoria Eugenia antzokian. Antton Telleria eta Zuriñe bertan izango dira, galako gonbidatuak elkarrizketatzen. Julen Telleria, bere aldetik, platoan izango da eta Iraia Elias aktorea hartuko du gonbidatu.

ETBko albistegiek egunero eskainiko diote arreta Zinemaldiari: zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta bertan aurkeztuko diren filmen kronikak eskainiko dituzte. Kazetari eta teknikari lantalde zabalak emango du bederatzi egunetan Donostiatik bertatik gertatzen den guztiaren berri. '¡Que Me Estás Contando!' eta 'Ahoz Aho' saioek ere Zinemaldiari erreparatuko diote. Berebat, 'EiTB Kultura' saioan Maialen Beloki Zinemaldiko zuzendariordea elkarrizketatuko dute.

EiTB Gala, irailaren 25ean

Horrez gain, EiTBko hedabideek jarraipen berezia egingo diote irailaren 25ean Victoria Eugenia antzokian egingo den EiTB Galari. Bertan, Miguel Angel Jimenezen Una ventana al mar pelikula eskainiko da, Emma Suárez protagonista duen drama erromantikoa. Euskal eta greziar koprodukzio hau Euskal Zinemaren Irizar sarirako lehian arituko da.   

Albiste batek bizitza aldatzen dionean, Mariak (Emma Suarez), berrogeita hamabost urteko Bilboko emakumeak, bere lagun minekin Greziara bidaiatzea erabakiko du, semea (Gaizka Ugarte) eta sendagileak aurka agertu arren. Bat-bateko erabaki batek Nisiros uhartera eramango du: leku baketsu eta lasaia da, eta etxean bezala sentituko da berehala. Uharte ederra arakatu eta bertako altxor ezkutuetan murgildu bitartean, Stefanos (Akilas Karafisis) ezagutuko du, eta, ustekabean, maitemindu egingo da. Errealitatetik ihesaldi laburra zirudiena, zoriona lortzeko ustekabeko aukera bihurtuko da laster.

Euskadi Irratia eta Radio Euskadi ere Zinemaldiarekin

Euskadi Irratiko entzuleek gertu-gertutik bizi ahal izango dute Zinemaldian gertatzen den guztia. Egunero, konexio bereziak egingo dituzte Zinemaldian arituko den lantaldearekin. Prentsaurrekoak, protagonistak eta zaletuen iritziak ekarriko dizkigu Mertxe Etxeberria gidari izango duen taldeak, eta iruzkina eta balorazioa gehituko dizkie Arkaitz Basterra zuzendariak eta Begoña del Teso zinema kritikoak. 11:00etan eta 16:00etan zabalduko ditu Zinemaldirako leiho bereziak, 'Faktoria' eta 'Hiri Gorrian' saioetan. 14:15ean 'Kultur Leihoak' egunari errepaso zehatza emango dio Mari Jose Uriaren laguntzarekin. Asteburuan ere guztiaren berri zehatza emango du Mikel Yarzak albistegietan ez ezik, 'Amarauna' saioan.

Radio Euskadiko programazioan ere tarte nabarmena izango du egunero Zinemaldiak. Eguneko kronikak, erreportaje bereziak eta protagonistei elkarrizketak egiteaz arduratuko dira Felix Linares, Ainhoa Agirre eta Laida Basurto kazetariak albistegietan eta saio nagusietan ('Boulevard', 'Iflandia', 'Graffiti' eta 'Más Que Palabras'). 'Kultura.eus' saioan ere luze eta zabal jardungo dira Donostiako zinema jaialdiaz egunero.

Webgune berezia eitb.eus-en

eitb.eus-ek gune berezia eskainiko dio, eta streamingez emango ditu ekitaldi berezienak. Halaber, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak ardatz nagusitzat izango dute Zinemaldia programazioan. Elkarrizketak, erreportajeak, filmen analisiak eta ekitaldi eta jai guztien kronikak bilduko dituzte albistegi eta eguneroko saioetan.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena