Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Irailak 21

Zinemaldiko lehen Donostia Saria emango diote Costa-Gavrasi, 20:00etan

eitb.eus

Atzo abiatu zuen Donostiako Zinemaldiak 67. edizioa, eta, behar bezala jarraitzeko, Greziako frantses zinemagileak aurtengo lehen Donostia saria jasoko du gaur.

1:17
Costa-Gavras.

Indartsu hasi da Donostiako Zinemaldiaren 67. edizioa. Bart, pelikulak zinema-aretoetan ikustea aldarrikatu dute inaugurazio ekitaldian, eta lehenengo egunean, larunbatarekin, aurtengo hiru Donostia sarietako lehenengoa banatuko dute zinema jaialdian, eitb.eus-ek zuzenean emango duen ekitaldian.

20:00etatik aurrera, Costa-Gavras zinemagileak Donostiako Zinemaldiaren ohorezko golardoa hartuko du Victoria Eugenia antzokian, eta Adults in the room bere film berria proiektatuko dute ekitaldi horretan.

Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministro ohiaren autobiografian oinarrituta, konpromiso politiko argiko zuzendariaren pelikula "gure garai modernorako tragedia" da, bere hitzetan. Azkenean, politikari greziarra ez da Donostian izango.

Zinema zuzendaria, ordea, ostiralean heldu zen Gipuzkoako hiriburura.

Sail Ofiziala

Sail Ofizialean, Mientras dure la guerra Alejandro Amenabarren filma ikusi ahalko da. Karra Elejalde gasteiztar aktorea Unamunoren larruan sartu da filmean, eta bilbotar idazleak Francoren estatu kolpearen aurrean izan zuen jarrera erakusten du.

Sail Ofizialeko lanei dagokienez, Proxima Alice Winocour frantses zinemagilearen lana ere egongo da ikusgai lehen egun honetan. Aktore taldean Eva Green, Donostian egongo dena, eta Matt Dilon ditu, eta Koloniako Europako Espazio Agentzian entrenatzen ari den frantses astronauta bat da protagonista.

Mano de obra mexikar filma ere ikusgai egongo da lehen egun honetan.

Euskal filmak

Gainera, 18:00etan (Antiguo Berri) eta 20:00etan (Trueba), Zabaltegi-Tabakaera sailean lehian izango diren bi euskal film ikusi ahalko dira aurrenekoz: Lursaguak Izibene Oñederraren animaziozko lana eta Urpean lurra Maddi Barberren dokumentala. Film horiek beste hainbat emanaldi izango dituzte Zinemaldian.

EOSen kontzertua

Ohikoa den moduan, Zinemaldiko lehen larunbatean, eguerdian irekiko da Belodromoa melomano, zinemazale eta, oro har, ikusleentzat, soinu-banden joaldi sinfonikoa eta horien pelikula-eszenen muntaketa uztartzen dituen ikuskizunerako. Sarrera doakoa izango da.