Zinemaldia 2024
Irailak 23
Bi istorio bortitz, Zinemaldiko Sail Ofizialean
eitb.eus
'Zeroville' James Francoren filma ere erakutsiko dute Sail Ofizialean, baina lehiaketatik kanpo utzi dute Zinemaldiaren arduradunek, Errusian estreinatuta araudia hautsi baitu.
-
"The other lamb" poloniarra ikusi ahalko da Sail Ofizialean
The disaster artist filmarekin Urrezko Maskorra irabazi eta bi urtetara, James Franco estatubatuar zuzendari eta aktorea Zinemaldiko Sail Ofizialera itzuli da Zeroville Steve Ericksonen eleberri lisergikoan oinarritutako istorioa pantailaratzeko. Ostiralean, baina, film hori Urrezko Maskorrerako aurtengo lehiatik at uztea erabaki zuten Zinemaldiko arduradunek, Errusian estreinatu zutela jakindakoan, Donostian lehiatzen diren fimak ezin baitira beren jatorrizko herrialdetik kanpora estreinatuta egon.
Egokitzapenekin jarraituta, La odisea de los giles Eduardo Sacheri argentinar idazlearen (El secreto de sus ojos filma ekarri zuen nobela idatzi zuen) eleberri batean oinarritutako pelikula aurkeztuko dute, besteak beste, Ricardo eta Chino Darin aita-seme protagonistek. Film hau ere, baina, lehiaketatik kanpo erakutsiko dute.
Urrezko Maskorra lortzeko lehian, bestalde, The other lamb poloniar filma eta A dark-dark man Adilkhan Yerzhanov kazakhstandar zinemagilearen lana proiektatuko dituzte. Poloniarra erlijioen itsukerietan barneratzen da, eta kazakhstandarrak hilketa baten ikerketa du kontagai.
Euskal filmei dagokienez, Maddi Barber nafarra Zinemaldira itzuliko da, iaz 592 metroz goiti erakutsi eta gero, Zabaltegi-Tabakalera sailean Urpean lurra dokumentala aurkeztera. Aurreko lanak bezala, Itoizko urtegiari begiratzen dio pelikulak, eta 18:30ean ikusi ahalko da.