Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Ohorezko saria

Donald Sutherland kanadar aktoreak Donostia saria jaso du

eitb.eus

Kanadar aktorea euskaraz zuzendu zaio publikoari, errotik hunkituta: “Ohore handia da niretzat. Mila esker, Euskal Herria”, esan du.

Donald Sutherland

Donald Sutherlandek aurtengo Zinemaldiko bigarren Donostia saria jaso du Kursaalen, Edurne Ormazabal atzerapenez hasitako galaren aurkezleak esan duenez, kameren aurrean egindako “ibilbide oparo eta bikainagatik”.

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eman dio saria, eta Sutherlandek, bastoi batean bermatuta, oso hunkituta jaso du, publikoari euskaraz zuzenduta: “Gabon denoi, mila esker! Ohore handia da niretzat hemen egotea. Mila esker, Euskal Herria!”, esan du. Eta jarraian hainbat aldiz errepikatu du, ozen: “Mila esker, Euskal Herria!”.

“Plazer handia da, Euskal Herrian egoteak asko pozten nau. Ohoratu zaituztet, miretsi zaituztet eta begiratu dizuet. Zuengandik errespetu handia sentitzen dut eta hemen zuekin egoteagatik poz handia sentitzen dut”, adierazi du.

Donald McNichol Sutherland duela 84 urte jaio zen, Kanadan, eta, antzerki eta telebistan lan egin eta gero, 1964an egin zuen debuta zineman, "Il castello dei morti vivi" Warren Kieferren beldurrezko pelikulan. Lehen arrakasta hiru urte geroago iritsi zitzaion, "Urkamendiko hamabiak" Robert Aldrichen gerrako pelikula klasikoan. Harrezkero, ez dio utzi bere egokikortasuna eta talentua erakusteari, nola protagonista gisa hala bigarren lerroan, 200 pelikula baino gehiagotan.

Sutherland ohorezko talde bati batu zaio, zinema jaialdiaren ohorezko saria jasota: Gregory Peck, Glenn Ford, Bette Davis, Lauren Bacall, Robert Mitchum, Lana Turner, Susan Sarandon, Catherine Deneuve, Al Pacino, Michael Douglas, John Malkovich, Fernando Fernán-Gómez, Francis Ford Coppola, Isabelle Huppert, Sean Penn, Meryl Streep, Oliver Stone, Emily Watson, Agnès Varda…