Zinemaldia 2024
IRAILAK 21
Arzaki buruzko dokumentalak zabalduko du Culinary Zinema saila
ERREDAKZIOA
Sukaldaritza ardatz duen Zinemaldiko sail nagusiak gaur irekiko ditu ateak Arzak jatetxeari buruz Asier Altunak egindako dokumental batekin. EiTBk babestutako lana izan da.
-
Arzaki buruzko dokumentalak zabalduko du Culinary Zinema saila. Argazkia: Zinemaldia
Arzak Since 1897 Asier Altunak Juan Mari Arzaken eta haren alaba Elenaren jatetxeari buruz egindako dokumentalak irekiko du Culinary Zinema saila, Donostia Zinemaldiaren 68. edizioan. EiTBk babestutako lana izan da.
Sukaldaritza ardatz duen Zinemaldiko sail nagusiak gaur irekiko ditu ateak Arzak jatetxeari buruz Asier Altunak egindako dokumental batekin. Juan Mari eta haren alaba Elena Arzakez gain, beste hainbat lagun ikusiko ditugu, Ferran Adrià, Pedro Subijana, Joan Roca, Karlos Arguiñano, Andoni Luis Aduriz edo Dabiz Muñoz, besteak beste. Sukaldaritza tradizionalaren eta modernoaren arteko eraldaketa erakusten duen lana da.
Zinema eta gastronomia uztartzen dituen sail horretan, beste hiru film luze gehiago izango dira: Ángel Parraren Camí lliure / Free Way, Oscar Bernacerren La receta del equilibrio eta Michael Dweck eta Gregory Kershaw zinemagileen The Truffle Hunters.
Gaurko irekiera-afaria, Arzak since 1897-ri dagokiona, Arzak jatetxean lan egin eta bertan trebatu diren zazpi txef ezagunen eskutik izango da. Bihar gaueko ekitaldiak, berriz, Ricard Camarena hartuko du protagonista nagusitzat, eta irailaren 23ko afaria, Edorta Lamo, Óscar García eta Andrea Tumbarello-k prestatuko dute. Trufari loturiko menu original bat prestatuko dute.
Amaitzeko, Bartzelonako Moments jatetxeko (bi mitxelin izar) txefa den Raül Balamek, Carme Ruscalledaren semeak, irailaren 24ko afaria emango du. Afari honek emango dio amaiera aurtengo Culinary Zinemari.
Beste estreinaldi batzuk
Zinemiraren baita, baina lehiaketatik kanpo, Aitziber Olaskoaga getxoztarraren Jo ta ke/Non Stop (Erre que erre) dokumentala eskainiko da. Ikusmira Berriak programaren barruan garatzen hasi zen film ertaina da. Memoriari buruz gogoeta egiteko Herrera de la Mantxako espetxera bidaia egiten du egileak.
Donostia Zinemaldiaren 68. edizio honek, gainera, Eduards Cortesek gidatzen duen Tell Me Who I Am telesailaren estreinaldi mundiala egingo du. Julia Navarroren eleberrian oinarrituta dago telesaila, eta Irene Escobar da protagonista nagusia. Aurkezpena Victoria Eugenia Antzokian egingo dute, Moviestar + Gala-ren baitan.
Moviestar+-en lehen superprodukzioa da Tell Me Who I Am, eta Amelie Garayoren bizitza kontatzen du, XX. mendeko gertari historiko nagusienetatik bidaiatzen duen abenturaz betetako emakumearena, hain zuzen ere. Madrilen, Alacanten edo Budapesten egin dira, besteak beste, grabaketak, eta 50 minutuko bederatzi atalek osatzen dute. Zinemaldian telesaileko lehen hiru atal eskainiko dira.