Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

68. edizioa

Pandemia eta Woody Allen, Zinemaldiko lehen bi protagonistak

N.V. | eitb.eus

Rifkin's Festival-ek, newyorktar zuzendariak Gipuzkoako hiriburuan iaz filmatu zuen pelikulak, irekiko du aurten koronabirusaren itzalari aurre egin beharko dion jaialdia.

  • "Rifkin's Festival"

    Wallace Shawn Donostian, "Rifkin's Festival" filmaren irudi batean. Argazkia: Quim Vives.

Koronabirusaren mehatxuak ez ditu Donostiako Zinemaldiko arduradunak kikildu, eta ez diote uko egin, oztopoak oztopo, 68. edizioa egiteari. Koronabirusak, Viggo Mortensenek jasoko duen Donostia sariak eta aretoetako edukiera txikiagoek markatuko duten Zinemaldiak amaiera zoriontsua eskaini nahi die hilaren 26an zinemazaleei, bederatzi egunez kosta ahala kosta hiriko pantaila handiak argitu eta gero.

Aurtengo Zinemaldiak, gainera, mugarri handia du hasteko: Rifkin’s Festival Woody Allenek 2019ko udan Donostian filmatutako pelikula estreinatuko du ostiralean, eitb.eus-en 21:00etatik aurrera zuzenean ikusi ahalko den inaugurazio ekitaldiaren ondoren, mundu mailan. Elena Anaya, Louis Garrel, Gina Gershon, Sergi López, Wallace Shawn eta Christoph Waltz aktoreak agertzen dira filmean.

Rifkin's Festival-ek Donostiako Zinemaldira doan senar-emazte estatubatuar batzuen istorioa kontatzen du. Bikotea liluratuta geratuko da zinema jaialdiarekin eta hiriaren xarmarekin, baita zinemaren munduaren fantasiarekin ere. Emazteak affaire bat izango du frantziar zinema zuzendari nabarmen batekin eta senarra hirian bizi den emakume batekin maiteminduko da.

Woody Allen, 2004an Zinemaldiaren ohorezko Donostia saria irabazi zuen zuzendari, gidoigile eta aktorea, ez da aurten Donostian egongo, eta filma, Sail Ofizialean proiektatuagatik, ez da Urrezko Maskorra lortzeko lehian egongo.

Sail Ofiziala

Luca Guadagnino buru izango duen epaimahai ofizialak ebatziko dituen sariak jasotzeko borrokan egongo dira, ostera, Naomi Kawase, Thomas Vinterberg, François Ozon (2012ko Urrezko Maskorraren irabazlea), Danielle Arbid eta Fernando Trueba zuzendarien azken lanak, besteak beste. Azken horrek itxiko du sail nagusia, lehiaketatik kanpo, “El olvido que seremos” liburu arrakastatsua pantailara ekarrita.

Halaber, Akelarre Pablo Agüero argentinar zuzendariak Euskal Herrian girotu eta EiTBren parte-hartzearekin filmatu duen pelikulak Sail Ofizialera eramango du inkisizioari eta XVII. mendean emakumeek pairatu zuten errepresioari buruzko istorioa.

Euskal zinema

Akelarre izango da euskal zinemaren ordezkari bakarra jaialdiaren Sail Ofizialean, baina gainerako sailetan ordezkaritza ugari eta plurala (euskal gatazka politikoa jorratzen duten lanen kopurua azpimarragarria da) izango dute Euskal Herrian eginiko ikus-entzunezkoek.

New Directorsen, Ane eta Hil kanpaiak proiektatuko dituzte, Zabaltegi Tabakaleran Autoficción eta Yo no duermo film laburrak eta Culinary Zineman Arzak since 1897 Asier Altunak zuzendutako dokumentala.

Horrez gain, beste film hauek lehiatuko dira Irizar euskal zinemaren saria lortzeko, Zinemira sailean: Nora, Lobster soup, Atarrabi eta Mikelats, Caminho longe, El Drogas, El estado contra Pablo Ibar, Hijos de Dios, Jo ta ke, Non dago Mikel?, Talento eta Urtzen.

Bestalde, Euskal Zinemaren Galak omenaldi bikoitza eskainiko du irailaren 22an, Victoria Eugenia antzokian. Batetik, Sara Bilbatua eibartar casting zuzendariak Zinemira saria jasoko du bere ibilbide profesional oparoagatik. Bestetik, “La Noche de…” ETBko saioaren ibilbidea ere sarituko dute, 25 urte bete dituenean.

Azkenik, EiTB Galak “Alardea” telesailaren bi atal eskainiko ditu irailaren 23an. David Perez Sañudo zinemagileak Itziar Ituño, Carmen Climent, Klara Badiola eta Iñigo Aranburu aktoreak zuzendu ditu ETBk eskainiko duen sailean.

Viggo Mortensen

Viggo Mortensen estatubatuar aktore eta zuzendariak jasoko du Donostia saria Zinemaldiaren aurtengo edizioan, David Cronenberg, Peter Jackson, Gus Van Sant, Brian De Palma, Agustín Díaz Yanes, Peter Farrelly eta beste hainbat zuzendarien aginduetara kameraren aurrean egindako lanarengatik.

Mortensenek irailaren 24an, ostegunarekin, jasoko du Zinemaldiaren ohorezko saria, 18:00etan, Kursaalen (zuzenean, eitb.eus-en), “Fallin” zuzendari gisa egin duen lehen filma aurkeztu aurretik: Los Angelesen bat egingo duten aita-seme batzuen istorioa kontatzen du bertan. Bion munduek talka egingo dute bortizki, eta zauri zaharretan zirikatzea eta beste batzuk irekitzea ekarriko du, elkar onartu eta barkatzeko bidaian.

Izarrak

Viggo Mortensen ez ezik, murrizketak gorabehera, Johnny Depp, Matt Dillon eta Gina Gershon ere Donostian egongo dira, Hollywoodeko zinemaren izenean. Depp Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan (Sail Ofiziala, lehiaketan) dokumentalaren ekoizle-lanetan aritu da, Julien Templek zuzenduta The Pogues taldeko buru Shane MacGowan hizpide duen lana.

Dillon, bestalde, Donostia saria jaso zuenetik 14 urtetara itzuliko da Donostiara, Sail Ofizialean El gran Fellove (emanaldi berezia, lehiaketaz kanpo) berak zuzendutako lana aurkeztera.

Horiez gain, besteak beste, hauek ikusiko ditugu Donostian bederatzi egunez: Elena Anaya, Philippe Garrel, Michel Franco, Alex Brendemühl eta Amaia Aberasturi, Rodrigo Sorogoyen, Raúl Arevalo, Elena Irureta eta Ane Gabarain, Fernando Trueba, Javier Cámara, Patricia López Arnaiz, Eneko Sagardoy, Carla Simón, Iciar Bollaín, Candela Peña, Bárbara Lennie, Irene Escolar, Cesc Gay, Ingrid García-Jonsson, Blanca Suárez, Enrique Villarreal El Drogas eta Isabel Coixet.

Covid-19aren aurkako neurriak

2020an egin behar ziren beste hainbat ekitaldi bezalaxe, Zinemaldia ezingo da ohi bezala egin. Covid-19aren pandemiak jaialdia moldatzea eragin du, bi helburu lortze aldera: espazio segurua sortzea eta ahalik eta esperientzia zinematografiko atseginena eskaintzea.

Internet bidez erositako sarrera zenbakituez gain, hauek dira neurri nagusiak:

-Maskararen erabilera: Zinemaldiak gogorarazten du derrigorrezkoa izango dela maskara une oro erabiltzea. Emanaldia lau ordutik gorakoa bada (adibidez, Patria, We Are Who We Are eta Andisturbios telesailen emanaldiak), derrigorrezkoa izango da maskara profesional homologatu bat eramatea (KN95 edo FFP2), Osasun Sailak emandako aginduan egoera berezietarako ezarritakoari jarraikiz.

-Edukiera txikiagoak izango dituzte aretoek: Kursaal 1ean % 40koa izango da (gehienez, 600 ikus-entzule); Victoria Eugenia Antzokian, Antzoki Zaharrean eta Kursaal 2n, berriz, % 50ekoa; eta gainerako zinema-aretoetan (Tabakalera, Trueba, Príncipe eta Antiguo Berri), azkenik, % 60koa. Edukiera-murrizketa hori Zinemaldiko jarduera guztietan aplikatuko da (prentsaurrekoak, argazki-saioak, aurkezpenak, etab.).

-Emanaldien kopurua txikiagoa izango da (2019an baino 159 emanaldi gutxiago, % 23 gutxiago), baita filmena ere (2019an baino 65 gutxiago, % 31), sarbide ordenatuagoak ahalbidetzeko eta husteko denbora irabazteko. Zinema-industriarako eta “Pentsamendua eta eztabaida” izeneko arlo berrirako jarduera gehienak linean egingo dira, eta aurrez aurreko formatua emanaldietarako baino ez da gordeko.

-Zinema-aretoak desinfektatu egingo dira saioen artean: Kursaal 1ean, Kursaal 2an, Victoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean –edukiera handieneko aretoetan– emanaldien arteko tarteak 90 minutu iraungo du, eta gainerako guneetan, ordea, ordubetekoak izango dira tarteak.

-Egoitza (Belodromoa eta San Telmo Museoa) eta ekitaldi sozialak (inaugurazio- eta itxiera-jaiak, euskal zinemaren jaia) bertan behera utziko dira.

-Publikorik gabe egongo dira alfonbra gorriak: zoritxarrez, aurten zinemazaleek ezingo dizkiete autografoak eskatu izarrei, ezta horien zain egon ere argazki-saioetan eta alfonbra gorrietan. Edizio honetan, profesionalek baino ezingo dituzte erabili gune horiek; zehazki, berriemaile grafikoak ibilbidean zehar egongo dira, eta derrigorrezko distantzia fisikoari eutsiko diote.

Programazioa on-line ipiniko da: Zinemaldiak ahalegin berezia egingo du webgunea prestatzeko, erabiltzaileei aukera emate aldera jarduerei haren bidez jarraitzeko. Egunero argitaratuko da on-line egongo den programazioa: Sail Ofizialeko eta Donostia sariko prentsaurreko guztiak, zinema-industriako profesionalen galak, aurkezpenak eta eskola magistralak. Halaber, Donostia bisitatuko duten izarrek zinemazaleekin egingo diren topaketetan parte hartuko dute Zinemaldiko sare sozialen bidez.