Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

69. edizioa

Hamahiru zinemagile, lehen edo bigarren film luzeekin Zinemaldiko New Directors sariaren bila

N. V. | EITB Media

Bederatzi "opera prima" daude irailaren 17tik 25era 69. edizioa ospatuko duen Donostiako Zinemaldiaren sail horretan.

  • Silvina Schnicer argentinarraren eta Ulises Porra katalanaren "Carajita" filmeko irudi bat

    Silvina Schnicer argentinarrak eta Ulises Porra katalanak "Carajita" filma aurkeztuko dute

Guztira, hamabost herrialdetako hamahiru ekoizpenek hartuko dute parte irailaren 17tik 25era Donostia Zinemaldiaren 69. edizioan, Kutxabank-New Directors sailean. Aukeratutako lan guztietatik, bederatzi opera prima daude, eta gainerakoak, berriz, egileen bigarren filmak dira.

Film laburrekin ehun jaialditan baino gehiagotan parte hartu ondoren, Philippe Grégoire kanadarra Le bruit des moteurs/The Noise of Engines bere lehen film luzearekin lehiatuko da Donostian.

Selman Nacar zuzendari turkiarrak kontzientzian, familian eta justizian zentratutako Iki Safak Arasinda / Between Two Dawns lanarekin hartuko dute parte, iaz WIP Europa Industria saria eta Donostiako WIP Europa saria irabazi zituen proiektuarekin.

Darko Sinko zuzendari eta ekoizle esloveniarrak Inventura / Inventory aurkeztzuko du, Hong Sung-eun korearrak Hon-ja Sa-neun Sa-ram-deul / Aloners, Mara Pescio argentinarrak Ese fin de semana / That Weekend Donostia eta Fran Kranz aktore estatubatuarrak zuzendari gisa egindako lehen lana: Mass.

Javier Marco alacandarrak esperientzia luzea du film laburren esparruan eta Josefina / Josephine-rekin parte hartuko du Zinemaldian, Emma Suárez eta Roberto Álamo aktoreak protagonista direla.

Agustín Banchero uruguaitarrak Las vacaciones de Hilda / Hilda 's Short Summer aurkeztuko du, eta Lena Lanskih zuzendari errusiarrak Nich'ya / Unwanted.

New Directorsen bigarren film luzea aurkeztuko dutenen artean, Juan Sebastián Mesa kolonbiarra dago: La roya / The Rust filma erakutsiko du. Emanuel Parvu errumaniar aktoreak zuzendari eta aktore onenaren sariak irabazi zituen Sarajevoko zinema-jaialdian, Meda or The Not So Bright Side of Things (2017) debutarekin; oraingoan, erabakiei, mesfidantzari eta errukiari buruzko Marocco / Mikado filmarekin lehiatuko da Donostian.

Silvina Schnicer argentinarrak eta Buenos Airesen bizi den Ulises Porra katalanak Carajita filma erakutsiko dute; neska gazte bat eta hazi zuen umezainaren arteko talka kontatuko digu filmak.

Azkenik, Sun Liang zinemagile txinatarra Shu Qi Shi Guang / Lost in Summer lanarekin lehiatuko da.

Kutxabank-New Directors sailak 50.000 euroko saria du, zuzendariaren eta filmak Espainiako Estatuan duen banatzailearen artean partitzeko.