Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Gertutasunaren eta besarkaden Zinemaldia izango da

O.P. | Eitb Media

Jon Maya dantzari eta koreografoak zuzenduko ditu ostiralean hasiko den 69. Zinemaldiko galak; Harkaitz Cano eta Ane Garcia izan ditu gidoilari eta Luis Mari Moreno Urretavizcaya 'Pirata' musika-zuzendari. Marion Cotillard Donostia Saria izango da irekiera ekitaldian protagonista.

  • Ezkerretik eskuinera, Rebordinos, Moreno, Garcia, Cano eta Maya.

    Ezkerretik eskuinera, Rebordinos, Moreno, Garcia, Cano eta Maya. Argazkia: EFE

Iazkoa distantziek markaturiko Zinemaldia izan zen. 2021ean ere covidaren aurkako neurriak mantenduko diren arren, egoera ez da bera eta agerian geratuko da hori ostiraleko 69. Zinemaldiko hasiera ekitaldia "alaiagoa" izango baita. Izan ere "elkarrengandik eta besarkadetatik gertuago" dago gizartea, nahiz eta izarrek publikorik gabeko alfonbra gorria zeharkatuko duten. 

Donostian eskainitako prentsaurrekoan, zine jaialdiaren zuzendari Jose Luis Rebordinosek ostiral honetan hasi eta irailaren 25era arte luzatuko den 69. Zinemaldiko galak aurkeztu ditu. Jon Maya dantzari eta koreografoak zuzenduko ditu, bigarren urtez, Zinemaldiko ekitaldiak. Ostiraleko hasiera ekitaldia, Johnny Deppen Donostia Sariaren gala eta Euskal Zinearena. Sormen taldean kide izan ditu Harkaitz Cano eta Ane Garcia gidoilariak eta Luis Mari Moreno Urretavizcaya Pirata musika zuzendaria. 

"Diotenez, jatorrian, besarkadaren garapena edo ordezkoa izan zen txaloa: urrun dagoena besarkatzeko modurik ez dugulako jotzen diogu txalo. Besarkatu nahi genukeenari jotzen diogu txalo, alegia. Gustatuko litzaiguke irekiera galak berak, eta Zinemaldiko film bakoitzak, nahi baino gehiago atzeratzen ari zaigun besarkada horretara iristeko falta zaigun tartea txikitzen laguntzea", adierazi du Harkaitz Canok. 

Elena Iruretak, Asier Etxeandiak, Anne Igartiburuk eta Cayetana Guillén Cuervok ezustekoz beteriko gala bat aurkeztuko dute, non berariaz aipatuko baitira pandemiak debekatu zizkigun besarkadak. Kukaiko dantzariek, halaber, pieza koreografiko ugari egingo dituzte, baita Zea Mays taldeak musika-emanaldiak ere, Rozalének, Etxeandiak berak eta beste zenbait musikarik lagunduta.

Ostiraleko ekitaldiaren ostean, Zhang Yimou zuzendari txinatarraren Sail Ofizialean lehiatuko den lehen film luzea, Zhang Yimouk zuzendutako Yi miao zhong / One Second ikusi ahal izango da. Baina aurretik Carlos Saura zinemagileak lehiaketatik kanpo egongo den Rosa rosae. La Guerra Civil / Rosa rosae. A Spanish Civil War Elegy film laburra aurkeztuko du. Saura agertokian dagoen unea "'handi' bati egindako omenaldi handia" izatea nahiko luke Rebordinosek.

"Merezi duen harrera egitea espero dugu", adierazi du Jon Mayak, "zinema eta dantza uztartuz hainbeste egin duen" zuzendari espainiarrari buruz.

Marion Cotillardek Donostia Saria jasoko du hasiera ektaldian Rebordinosen eskutik, eta Zinemaldiarekin lotura estua duten eta azken urtean hil diren bi pertsona ere omenduko dituzte ostiralean: Luis Gasca, 70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadaren hasieran jaialdiaren zuzendari izandakoa, eta Bertrand Tavernier zinemagile frantziarra.

FIPRESCIa berreskuratuko da

Aurten, gainera, FIPRESCI Sari Nagusia berreskuratuko dute, Chloe Zhaoren Nomadlandi emango zaiona. Horrez gain, aitorpena egingo diote TVEko Dias de Cine saioari, antenan daramatzan hiru hamarkadengatik.

Gala zuzenean emango dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, TVEko La 2 kateak eta Zinemaldiaren webguneak, 21:00etatik aurrera.

Gonbidatuen zerrenda

lehiaketa donostiarrak akreditazioen %75 bete nahiko lituzke, azken orduetan izan diren bajak gorabehera; izan ere Jason Isaacs-ek Noemie Merlant antzelze eta zuzendariak eta Xavier Giannoli zinegileak ezingo dute Donostiara bidaiatu azkenean. 

Hala ere, badirudi zerrenda luzatuko dela oraindik, Donostiara bidaiatzeko ahaleginean diren pertsonak baieztatzen doazen heinean. 

Antonio Banderas aktorea eta Cécile de France antzezle belgiarra izan dira, esaterako, Zinemaldiko hasierako ekitaldian izango direla baieztatu duten azkenak. 

Aurretik baiezkoa emana dute beste hainbatek, besteak beste, Javier Bardem, Jessica Chastain, Penelope Cruz, Emmanuelle Devos, Dolores Fonzi, Charlotte Gainsbourg, Louis Garrel, Vincent Lindon, T'Nia Miller y Simon Rex, bai eta bi Donostia Sariek ere, Marion Cotillard eta Johnny Depp.  Emmanuel Carrere idazlea ere bertan izango da, bere bigarren filma aurkeztuko baitu Perlak sailean. 

Sean Baker, Laurent Cantet, Lucile Hadzihalilovic, Ryusuke Hamaguchi, Radu Jude, Kira Kovalenko, Joachim Lafosse, Gaspar Noe, Todd Haynes, Celine Sciamma, Claire Simon eta Paolo Sorrentino zuzendariak Donostian izango dira, baita Cannesen Urrezko Palma irabazi duen Julia Ducournauere. Halaber, Venezian irabazi duen Audrey Diwan ere bertan izango da, epaimahai ofizialean zehazki; epaimahai horretan buru izango da iaz Urrezko Maskorra etxera eraman zuen Dea Kulumbegashvili georgiarra.