Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

69. edizioa

Zinemaldiak aurrera jarraitzen du, oraindik proiektatzeke dauden ikus-entzunezko lan askorekin

EITB Media

Sail Ofizialean, ondorengo hiru film hauek nabarmendu daitezke: "The grandmother", "Mediterraneo" eta "Quién lo impide". Dena dela, Zinemaldiaren parte diren beste lan batzuez ere goza daiteke.

  • Zinemazaleak dira egun hauetako protagonista nagusiak Donostian. Argazkia: Zinemaldia

    Zinemazaleak dira egun hauetako protagonista nagusiak Donostian. Argazkia: Zinemaldia

Donostia Zinemaldiaren 69. edizioak aurrera jarraitzen du, oraindik proiektatzeke dauden ikus-entzunezko lan askorekin. Testuinguru horretan, film eta dokumental ugari ikusteko aukera dago ostegun honetan, irailak 23. Hala, Sail Ofizialean, ondorengo hiru film hauek nabarmendu daitezke: "The grandmother", "Mediterraneo" eta "Quién lo impide". Dena dela, Zinemaldiaren parte diren beste lan batzuez ere goza daiteke: "Erlauntza" (Zinemira), "Red Rocket" (Perlak) eta "That Weekend" (New Directors).

"The grandmother" (100 min) filmean, Paco Plaza zuzendari, gidoilari eta ekoizle valentziarrak Susanaren bizitza kontatzen du. Hain zuzen ere, Parisen bizi da, eta Madrilera itzuli behar du, amonak buruko isuria izan baitu. Horrela, berarekin egun gutxi batzuk baino izan beharko ez luketena amesgaizto bihurtuko dira azkenean. Almudena Amor eta Vera Valdez dira film honetako protagonistak.

Marcel Barrena zuzendariak, berriz, "Mediterraneo" (112 min) filma aurkeztuko du Zinemaldian, ikuslea errealitate lazgarri baten aurrean jarriz. Film luze horretan ikus daitekeenez, milaka pertsonak bizia arriskuan jartzen dute egunero, itsasoa ontzietan zeharkatuz, gatazka armatuetatik ihesi.

2015ean, bi soroslek Lesbosera (Grezia) bidaiatzea erabaki zuten, Mediterraneoko uretan itotako haur baten argazkia ikusi ondoren. Eduard Fernandez, Dani Rovira, Anna Castillo eta Sergi Lopez dira protagonistak.

Urrezko Maskorra lortzeko lehian parte hartzen duen beste film bat "Quién lo impide" da, Jonas Truebak zuzendutakoa. Zehazki, nerabezaroari eta gaztaroari buruz dugun pertzepzioa aldatzeko gonbita egiten du. Dokumentala, fikzioa eta zuzeneko testigantzak uztartzen dituen lan honetan, nerabeak diren bezala baina gutxitan ikusten ditugun moduan ageri dira. Candela Recio, Pablo Hoyos, Silvio Aguilar eta Pablo Gavira aktoreak dira protagonista nagusiak.

Zinemira sailean, "Erlauntza" (92 min) filmaren proiekzioa nabarmendu behar da; Itziar Atienza, Naiara Arnedo, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia eta Leire Ruiz protagonista eta Mireia Gabilondo zuzendari dituena. Gaztaroko lagun-talde baten abenturak kontatzen ditu. Lagun horiek landetxe batera joan dira, horietako baten ezkon aurreko agurra ospatzera. Alabaina, ezer ez da garai batean bezala, eta inoiz aipatu ez dituzten kontuak berehala azaleratuko dira.

Sean Baker zuzendariak, bere aldetik, "Red Rocket" (130 min) lana aurkeztuko du Perlak sailaren baitan. Hain zuzen ere, Simon Rex, Suzanna Son, Bree Elrod eta Ethan Darbone aktoreek parte hartzen dute pelikula honetan. Mikey Saber Texasko jaioterrira itzuli da, baina inork ez du berriz ikusi nahi.

Halaber, Mara Pescio argentinarraren lehen film luzea ere izango da ikusgai Zinemaldian: "That Weekend" (67 min). Zehazki, Miss Bolivia, Irina Misisco eta Laura Kramer dira lan honetako protagonistak.