Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Ukrainako gerra

Donostiako Zinemaldiak ez die betorik jarriko errusiar zinemagileei

EITB Media

Donostiako Nazioarteko Zinema Jaialdiak Errusiak Ukrainari egindako eraso "onartezina" gaitzetsi du, eta konfiantza agertu du "Zinemaldiak ahots disidenteen bozgorailua izateko duen boterean".

  • Donostiako Zinemaldia irailaren 16tik 24ra ospatuko du 70. edizioa. Argazkia: Efe.

    Donostiako Zinemaldia irailaren 16tik 24ra ospatuko du 70. edizioa. Argazkia: Efe.

Donostiako Zinemaldiak ohar bat kaleratu du, Ukrainako gerraren kariaz. Lehenik eta behin, "Errusiak Ukrainari egindako eraso onartezina" gaitzetsi du zinema jaialdiak, eta Ukrainako herritarrei elkartasuna helarazi die.

Bestalde, hainbat jaialdi eta kultur espaziok errusiar sortzaileen lana aintzat ez hartzeko hartutako erabakiaren aurrean, Zinemaldiak adierazi du hautaketa prozesuek lan zinematografikoak "banaka" ebaluatzen dituztela, "inoiz ere ez haien naziotasunaren arabera, baita oinarrizko eskubideak urratzen dituzten gobernuak dituzten herrialdeetatik datozenean ere, eta horrela jarraituko dugu garai nahasi hauetan".

"Ezin ditugu herrialde bateko herritarrak beren gobernuen erabakien erantzule egin. Askotan, gerraren aurka manifestatzen ari diren milaka errusiarrekin gertatzen den bezala, Gobernuaren erabakiekin ados ez egoteaz gain, haien aurka borrokatzen dute", erantsi dute.

Horregatik, konfiantza agertu dute "Zinemaldiak ahots disidenteen bozgorailua izateko duen boterean", eta esan dute Errusiako Gobernuak sustatutako erasoaren aurka dauden ahots errusiarrek "beti" izango dutela lekua Donostiako Zinemaldian.

Bukatzeko, "ukrainarren ongizatea babestuko duen nazioarteko legezkotasuna eta eskualdeko egonkortasun baketsua berrezartzeko nahia" adierazi dute.