Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Sail Ofiziala

Seidlek Donostian zergatik ez den izango azaldu du: "Ni egoteak filmaren estreinaldia ilunduko luke"

Agentziak | EITB Media

Sail Ofizialean lehiatzen den pelikularen zuzendariak eskerrak eman dizkio Jose Luis Rebordinosi "hasieratik babesteagatik, presio mediatikoa izan den arren". Komunikabide batek filmaketan adingabeko aktoreei abusuzko praktikak egitea egotzi dio.

  • 'Sparta'.

    'Sparta'.

Ulrich Seidlek, Donostiako Zinemaldiak bere ekitaldiak bertan behera geratuko zirela iragarri ondoren, azaldu egin du zergatik ez den Gipuzkoako hiriburura joango: "Konturatu naiz estreinaldian egoteak filmaren harrera ilundu lezakeela".

Zuzendari austriarrak Sparta bere azken lana aurkeztu behar zuen Zinemaldian, Sail Ofizialean parte hartzen baitu, baina Der Spiegel egunkarian argitaratutako artikulu batek piztutako polemikak Donostiatik urrundu du. Komunikabideak egotzi dio filmaketan adingabeko aktoreei abusuzko praktikak egitea eta bere familiei pelikularen gaia pedofilia zela ezkutatzea.

Seidlek dioenez, bere "hasierako bultzada" Donostiara filma aurkeztera joatea izan zen, baina azkenean "pelikulak bere kabuz hitz egitea" erabaki du. Errumanian filmatutako filmak pedofiliari buruzko istorio bat kontatzen du. Zenbait urte eman ditu grabaketa lanetan.

"Asko eskertzen dut Jose Luis Rebordinosek hasieratik Sparta babestea, presio mediatikoa izan den eta bat-bateko eta ustekabeko polemika eragin den arren", adierazi du zinemagileak.

Zinemaldiko zuzendariak defendatu zuen epaitegi batek hala eskatuz gero bakarrik utziko ziola obra programatzeari, baina gaur egun ez dago errodajeari buruzko ikerketarik. Filma Torontoko zinema jaialdian estreinatu behar zen, baina antolatzaileek kentzea erabaki zuten erreportajea argitaratu ondoren.

"Errespeturik handiena diet nire aktoreei, eta inoiz ez nuke hartuko beren ongizate fisikoa eta mentala arriskuan jar lezakeen erabakirik", azaldu du Seidlek.

Zuzendariaren esanetan, Der Spiegel-en erreportajea "testuingurutik ateratako deskribapen okerrez eta zurrumurruez" beteta dago, eta "gertaerekin bat ez datorren erretratu manipulatua da".

"Garaiko espirituarekin kontraesanean"

"Nire lanean beti saiatu naiz gure pentsamendu eta ekintzen kontraesanetan sakontzen, horiek baitira, azken finean, gizakiaren funtsa", adierazi du zuzendariak. Giza nortasunari buruzko gaiak jorratzen ditu bere pelikuletan, eta profesionalak ez diren aktoreekin lan egiten du.

"Jakin badakit artista gisa dudan mundu ikuskera eta nire kontatzeko modua ez datozela bat bizi garen garaiko espirituarekin", esan du. "Gaur egun sinplifikazioa eta gauzak testuingurutik kanpo ateratzea dira nagusi, giza esperientzia benetan zer den askoz hobeto adieraziko lukeen kontakizun anitz baten ordez".

Seidlek azaldu duenez, Sparta-ren errodajea urtebete baino gehiago luzatu zen, eta aktoreekin "konfiantzazko" harremana hilabeteetan landu zen. "Baldin eta, Spiegelek dioen bezala, gurasoek eragozpenak izan balituzte filmatzeari buruz edo seme-alabak tratatzeko moduari buruz, edo haurrak gurekin deseroso sentitu izan balira, ez zuketen hainbeste denboraz gurekin kolaboratzen jarraituko".

"Ez dago esan beharrik inoiz ez nuela haurrik (edo aktoreetako bat) behartu kameraren aurrean nahi ez zuen zerbait egitera", azpimarratu du. Gainera, gazteenak "etengabe ikuskatuta" egon ziren eta gurasoei informazio egokia eman zitzaien. Amaitzeko, Seidlek esan du 2019ko udan, filmaketa amaitu ondoren, mutil guztiak eta gurasoak bisitatu zituela, eta "horietako inor ez zela kexatu eta ez zela deseroso agertu".