Zinemaldia
70. edizioa
Juliette Binocheri emango zaion Donostia Saria zuzenean eskainiko dute ETB4k eta eitb.eus atariak
eitb media
Isabel Coixet zinemagile katalanak Donostia Saria emango dio Juliette Binocheri igande honetan, 22:00etan, Kursaalean egingo den galan.
-
Juliette Binoche 2022ko Zinemaldiko kartelean.
Juliette Binoche aktoreak (Paris, 1964) Donostiako nazioarteko zinema jaialdiak aurten, 70. edizioan, emango dituen Donostia sarietako bat jasoko du bihar, irailak 18, Kursaal auditoriumean egingo den galan. Isabel Coixet zinemagile katalanak emango dio aipatu saria aktore frantsesari. Etxe honek ekitaldi guztia zuzenean jarraitzeko aukera eskainiko du, 22:00etan, ETB4n eta eitb.eus atarian.
Oscar sari baten jabe (1996, The English patient filmagatik) eta 2000. urtean Chocolat-en egindako lanagatik ere izendatua, Binochek emakumezko aktore onenaren saria irabazi du Canneseko (Copie conforme, 2010), Berlingo (The English patient) eta Veneziako (Trois couleurs: bleu) jaialdietan, baita Europako zinemaren saria, Cesar saria, Bafta…
Saria emateko ekitaldiaren ondoren, Avec amour et acharnement filma (2022) eskainiko dute bertan. Film horrekin, Claire Denisek zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen Berlingo azkeneko zinema-jaialdian. Vincent Lindon eta Grégoire Colin aktoreak ere aritu dira pelikulan.