Zinemaldia 2024
Euskal gatazka
"Gesto" eta "Bi arnas", istorio bereko bi ertz
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Euskal gatazkarekin lotutako hainbat lan erakutsi dira aurten ere Zinemaldian. Horietako bi dira "Gesto" eta "Bi arnas", eta Xuban Intxausti eta Kima Arzuaga daude lan horien atzean, besteak beste. Elkarren ondoan eseri, eta estreinatu berri diren dokumentalen xehetasunak azaldu dituzte.
Gesto eta Bi arnas. Giza eskubideen alde eta indarkeria salatzeko sortu zen talde bati aitortza egiten dio lehenak; torturei buruzko kontakizun gordina jasotzen du bigarrenak. Bakearen Aldeko Koordinakundea eta Iratxe Sorzabal ETAko presoa dira horien protagonistak, hurrenez hurren. Euskal gatazkaren bi ertz erakusten dituzten lanok Donostiako Zinemaldian erakutsi dira aurten.
Kima Arzuaga (Hondarribia, 1967) da Bi arnas proiektua pentsatu eta abian jarri zuena, eta Xuban Intxausti (Lasarte, 1980), berriz, Gesto dokumentala zuzentzeaz arduratu dena. Aurkezpen, estreinaldi eta elkarrizketen zurrunbiloan, elkarren ondoan eseri eta ondu dituzten lanen xehetasunak aletu dituzte. Batak bestearen lana puzzle bereko pieza osagarri modura ikusten du, begirada zabala eskatzen duena. Hizkera, paisaia, tonua… bakoitzak berea izan arren, korapiloaren ernamuinak lotura baduela esatean bat datoz. "Badirudi bi istorio direla, baina istorio bereko bi pieza dira. Elkarrengandik ikastea da helburua", azaldu dute, ia elkarri hitza kenduz.
Sorzabalen eta bere amaren arnasaldiak ditu ardatz Arzuagaren zintak, torturen eraginez ia eteteraino iristen diren bi arnasaldi. Gaia salatuz, bizikidetzaren bidean bere alea jarri nahi izan du hondarribiarrak, eta Zinemaldia bezalako plazen garrantzia azpimarratu nahi izan du.
Bakearen Aldeko Koordinakundeak 30 urtez bakearen alde egindako lana jarri du erdigunean Intxaustik, mugimendu horretan parte hartu zutenei aitortza eginez. Zinemaldiko langileek gai horiekiko duten konpromisoan jarri dute azpimarra. "Horiei esker gaude hemen", esan du.
Ideia pentsatu eta lana sortzerainoko bideak ezberdinak izan dira bi kasuetan. Arzuagak berak jarri zuen abian proiektua Sorzabal lagunak pairatutako torturak salatzeko, erakundeen laguntzarik gabe, crowdfunding kanpaina baten bidez bildutako diruarekin. Intxaustik, bere aldetik, enkarguz jaso zuen Bakearen Aldeko Koordinadoraren istorioa ikus-entzunezko batean kontatzeko lana, eta hainbat erakunde publikok babestutako egitasmoa izan da. Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak eta EITBk lagundu dute, besteak beste.
Zinemiran eskainita, areto txikietan zein handietan lanak erakusten jarraitu nahi dute, etxean nahiz nazioartean.