Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Sail Ofiziala

Sebastian Leliok fundamentalismoaren aurkako aldarria egin du "The Wonder"en

Natxo Velez | EITB Media

2018an atzerriko film onenaren Oscar saria irabazi zuen txiletar zuzendariak thriller psikologikoa aurkeztu du Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean, zeinak fanatismoaren aurka egin, zientzia aldarrikatu eta bigarren aukerez hitz egiten baitu, Florence Pughen interpretazioan bermatuta.

01:23
'The wonder'.

Sebastian Lelio zuzendariak The Wonder XIX. mende erdialdeko Irlandan girotutako thriller dramatikoa aurkeztu du gaur Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean. Istorioaren ardatza Anna O'Donnell hamaika urteko neskatoa da: lau hilabetez mokadu apurrik ere jan ez duela esaten dute, baina osasuntsu ageri da baraurik egonagatik.

Lib Wright londrestar erizaina, Florence Pugh aktoreak gorpuztuta, neskatoa bizi den Irlandako herrixkara joango da orduan "mirariaren" inguruan gehiago jakite aldera, aurrez aurre aurkituko dituen zailtasunak eta jarriko dizkioten trabak gorabehera. Fedearen aurka, zientzian oinarritutako mundu ikuskera erabiliko du Wrightek; eta sarritan, ziurtasun ustelei zalantzaren bidez erantzungo die. Ezagun al zaizue dikotomia hori? 

Emma Donoghue irlandarrak idatzitako eleberri batean kontatzen den istorio horretatik abiatuta, Leliok zientziaren aldeko erreibindikazioa ondu du, kasu honetan katolizismoan oinarrituta dagoen fundamentalismoaren aurrean, baita egia modu aktiboan bilatzeko gonbidapen ikus-entzunezkoa ere, beren burua tolerantzia ulertzeko modu oker baten atzean babesten dutenen gainetik, zeinek, askotan, hozkeria eta ezaxolakeria besterik ez baitute erakusten. Barruan egotearen alde mintzatzen zaigu, eta ez kanpoan.

Pughen, bere ibilbide supersonikoan aurrera jarraitzen duen aktorearen, interpretazio azpimarragarriak bultzada handia ematen dio pelikulari, erlijioa beti zerbait ilunagoaren estalki erraz gisa duen papera salatzen duen lanari. The Wonderek, halaber, bigarren aukerak aldarrikatzen ditu, oso eszenografia soil eta eraginkorra erabiliz, nahiz eta esan behar den musikaren erabilerari dirigismorako bokazio hertsiegia dariola.  

Apustuaren indargarri, gainera, zinemagileak keinu zintzoa egiten dio ikus-entzuleari, eta hasieratik erakusten dio istorioari eusten dion mekanismoa, tranparik gabe. Bizi dugun mundua fikzioaren bidez azalduko digula ohartarazten digu.

The Wonderek, azken batean, aukeratutako istorioak eta inposatutako istorioak kontrajartzen ditu, filmak aurkezten diguna bezalako kontakizun aberasgarriak eta bizimodu jakin bat bortxaz ezartzen duten erlijioek kontatzen dituztenak.