Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

71. edizioa

Javier Bardem, Zinemaldiko lehen protagonista

N. V. | EITB Media

Espainiar aktorea, 1994an Zilarrezko Maskorra irabazitakoa, izango da Donostiako zinema jaialdiaren 71. edizioko kartelaren irudia, eta Donostia saria jasoko du.

  • Javier Bardem, Donostiako Zinemaldian 2021ean

    Javier Bardem, Donostiako Zinemaldian 2021ean

Irailaren 22tik 30era egingo dute Donostiako Zinemaldiaren 71. edizioa, eta honezkero badakigu Javier Bardemek jasoko duela Donostia sarietako bat. Irailaren 22an izango da, jaialdiaren lehenengo egunean.

Javier Bademek gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen 1994an, Días contados Imanol Uribe donostiar zuzendariaren filmean eta El detective y la muerte filmean egindako lanagatik, eta urtebete lehenago etorri zen lehenengoz Donostiako jaialdira, 1993. urtean, Huevos de oro Bigas Luna zuzendariaren filma Sail Ofizialean eman zenean.

Ibilbide arrakastatsuan, Javier Bardemek (Las Palmas Kanaria Handikoa, 1969) ehun saritik gora eskuratu ditu, besteak beste, honako hauek: Oscar, Urrezko Globo eta BAFTA bana No Country for Old Men filmarengatik (2007); Goya bana Días Contados (1994), Boca a boca (1995), Los lunes al sol (2002), Mar adentro (2004), Biutiful (2010) eta El buen patrón (2021) filmengatik; eta dokumental onenaren Goya saria Hijos de las nubes, la última colonia (2012) filma ekoizteagatik. Aktore onenaren saria jaso du Cannesen (Biutiful, 2010) eta Volpi Kopa Venezian (Before Night Falls, 2000; eta Mar adentro, 2004).

Kartela

2018tik, zinemaren izar batek ordezkatzen du Zinemaldia kartelean; Isabelle Huppert, Penelope Cruz, Willem Dafoe, Sigourney Weaver eta Juliette Binoche izan dira protagonistak Bardemen aurretik, eta aurten Dimensión publizitate agentziak sortu du irudi ofiziala, Nico Bustos argazkilariaren bi argazkitan oinarrituta.