Itxi

Zinemaldia 2024

Zentsura

Rebordinos: "Zentsuraren goraldia dago faxismoa erakundeetan sartzen ari baita"

N. V. | EITB Media

Zinemaldiaren zuzendariaren ustez, "eztabaidarako, besteekin topo egiteko eta ideiak auzitan jartzeko" tokia da Zinemaldia, eta jarrera argia hartzeko garaia da egungoa, "bihar ez gaitezen damutu egin ez izanaz".

  • Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendaria

    Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendaria

Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak agerraldia egin du gaur, Madrilen, zinema jaialdiak aurtengo ekitaldian erakutsiko dituen Espainiako Estatuko eta Euskal Herriko pelikulen aurkezpenean.

EITBk galdetuta, Espainiako Estatuan azken asteetan, Vox alderdi ultraeskuindarra udal gobernuetan sartu eta gero, izan diren zentsura kasuak hartu ditu hizpide, eta honakoa esan du:

"Oso une konplexua bizi dugu. Zentsura beti existitu da, boterean dagoenak -ezkerzalea zein eskuinekoa izan, ez diezaiogun geure buruari ziririk sar- gustatzen ez zaiona zentsuratzeko joera izaten du; batzuek gauzatu egiten dute tentazio hori, eta beste batzuek, ez".

"Baina une ezberdina bizi dugu orain. Eskuin muturra, herritarren bozekin, Europako parlamentuetara, gure erakundeetara, iristen ari da, eta oso larria da hori", jarraitu du Rebordinosek.

"Zinemaldia ez da inoiz alderdi politikoekin lerratuko, denoi egingo diegu ongietorria, noski, kontserbadorenetik hasi eta ezerkezaleeneraino. Eztabaidarako, besteekin topo egiteko eta ideiak auzitan jartzeko tokia da Zinemaldia gure ustez, baina ez diogu ongietorririk egingo Francisco Franco bezalako diktadore eta hiltzaile bat aldarrikatzen duenari, gutxiengo sexualei eskubideak ukatzen dizkionari, emakumeei beren eskubideak edo amatasunaren gainean erabakitzeko eskubidea ukatzen dienari. Horiek ez dira ongietorriak".

"Beti existitu da zentsura, baina orain zentsuraren goraldia dago faxismoa erakundeetan sartzen ari baita. Eta nire ustez, kulturaren mundutik jarrera argia hartu behar dugu, bihar ez gaitezen damutu egin ez izanaz".

 Jatorrizko bideoa (gaztelaniaz)