Zinemaldia 2024
'NO ME LLAME TERNERA' POLEMIKA
Franciso Ruiz ETAren biktima: "'No me llame Ternera' filmeko zuzendariek lan bikaina egin dute"
EITB MEDIA
Dokumenaltala ireki eta ixten duen Francisco Ruiz Kursaaleko aretoan zegoen filma jendaurrean lehen aldiz eman denean. Txalo zaparrada jaso du proiekzioa amaitzean.
Larunbat honetan aurkeztu da Donostiako Zinemaldian No me llame Ternera dokumentala, Marius Sánchez eta Jordi Evoleren film luzea. Polemikarekin iritsi da dokumentala jaialdira eta arratsaldean eman duten prentsaurrekoan filmaren inguruan sortutako "zalaparta" kritikatu dute zuzendariek. "Herrialde honen anomalia bat da bere iraganari begiratzen ez jakitea, nahiz eta min eman", esan du Evolek. Gauean, dokumentalaren lehen emaldiaren ostean, ikusleen oniritzia jaso du ETBk Kursaaleko sarreran.
Ikusleen artean izan da Francisco Ruiz 1976an Galdakaoko alkatea hil zuen ETAren atentatuan larri zauritu zen udaltzaina. Besteak beste, atentatu honi erreferentzia egiten dio Josu Urrutikoetxeak filmean, bere ardura aitortuz, eta biktima izan zen Ruizek hitzekin hasi eta amaitzen da, hain zuzen ere, dokumentala.
Jendaurreko lehen proiekzioa amaitu denean, minutu luzez txalo jo diete Ruizi eta dokumentalaren egileei Donostiako Kursaalean. Senideez inguratuta ikusi du filma Ruizek eta txaloen ostean, jendearengana zuzentzera animatu du Evolek.
No me llame Ternera filmeko zuzendariek "lan bikaina" egin dutela esan du Ruizek eta ETAren biktimak izan ditu gogoan baita bere egoera pertsonala eta Euskal Herritik nola alde egin zuen ere.
"Kutsatu bat banintz bezala utzi behar izan nuen Euskal Herria"
"Hiltzaile" eta "psikopata" gisa definitu du Ruizek Urrutikoetxea eta gogoratu du atentatutik bizirik atera ondoren, Euskal Herritik "kutsatu bat" balitz bezala ihes egin behar izan zuela, "poltsikoa hutsik" eta "ez Eusko Jaurlaritzaren, ez Espainiako Gobernuaren, ez gizartearen babesik gabe". "Benetan penagarria izan zen", hausnartu du. "Bake gizona izan naizenez, 55 urteko istorio hau testuliburuetan agertzea gustatuko litzaidake", gaineratu du.
Jesus Eguiguren PSEko presidente ohia eta 2006an ETA su-etena deitzera eraman zuten negoziazioetan parte hartu zuena ere izan da arratsalde-gaueko proiekzioan. Hain zuzen ere, Josu Urrutikoetxea solaskide izan zen negoziaketa haietan.
ETAren biktima izandako Gorka Landaburu kazetaria ere Kursaalen izan da lehen proiekzio honetan baita Pili Zabala legebiltzarkide ohia eta Guardia Zibilak bahitu, torturatu eta hil zuen Joxean Zabalaren arreba ere. "Aitortu gabeko biktimak eta nork hil zituen oraindik ezagutzen ez diren horiek denak ere errebindikatu nahi nituzke", esan du Zabalak eta txarro zaparrada jaso du.
Landaburuk esan du filmak ez diola "huts egin", baina bai "pertsonaiak". "Zaharrago ikusi dut, nire adin bera du, etorkizunik gabeko gizona da, motxila hori bukaeraraino eramango du, beste askok bezala. Bat nator Pilirekin: istorio asko falta dira kontatzeko". Piztutako polemika ere kritikatu du: "Dokumentala ikusi gabe gutun bat sinatu izana aurpegiratuko diet pertsona batzuei. Hemen ideologia desberdinetako pertsonak gaude eta hori da egin behar den lana, elkartu, hitz egin eta egia, justizia bilatu", azpimarratu du.