Itxi

Zinemaldia 2024

72. Zinemaldia

Bardemi iazko saria emanda hasi da "egun zirraragarriak" ekarriko dizkigun Zinemaldia

M. D. | EITB Media

Bardemek Donostia Saria jaso du bere anai-arreben eta interpretazio maisuaren eskutik, eta oso hunkituta eskaini dio familiari. Epaimahai Ofizialeko presidente Jaione Camborda donostiarraren hitzetan, "pantaila handiaren bidez zineman murgiltzen egun zirraragarriak ditugu aurretik".

9:02
Javier Bardem. Argazkia: EFE.

Abian da 72. Zinemaldia, iaz eman gabe utzi zuen Donostia Saria emanda eta pantaila handiaren aurrean "egun zirraragarriak" izango direla iragarrita.

Zinemazaleek eta mota guztietako bisitariek bete dituzte jada Gipuzkoako hiriburuko kaleak, hoteletako sarrera-irteerak eta alfonbra gorriak. Inaugurazio egunean, besteak beste, Javier Bardem hartu dute. Zinemaldiak iaz ohorezko saria eskaini zion aktore espainiarrari, baina ezin izan zen Donostiara etorri saria jasotzera.

Bardemek bere anai-arreben eta interpretazio maisuaren eskutik jaso du Donostia Saria, eta oso hunkituta eskaini dio familiari, Penelope Cruz emaztea Kursaaleko aretoan zegoela.

Jaione Camborda donostiarra buru duen Epaimahai Ofiziala aurkezteko ere balio izan du inaugurazio galak. Zinemagilearen hitzetan, "pantaila handiaren bidez zineman murgiltzen egun zirraragarriak ditugu aurretik", eta egileen adierazpen askatasunaren alde egin du.

Andreu Buenafuentek eta Berto Romerok zuzendu dute hiria zinema estreinaldiz eta pelikula handiz beteko dituen astea abiatu duen gala, baina katalanek Barbara Goenagaren euskal kontrapuntua izan dute, beharrezkoa Donostiako plazan.

3:19

Estreinaldi handiak eta bisita distiratsuak

Izen handi eta interesgarriak daude Sail Ofizialeko hautaketan, Audrey Diwan, Costa-Gavras, Maite Alberdi, François Ozon eta Albert Serra zuzendariena, esaterako, eta zer esanik ez nazioarteko beste jaialdi nagusietan zeresana eman duten filmak erakusten dituen Perlak sailean, besteak beste, Jacques Audiard, Paolo Sorrentino, Andrea Arnold eta Sean Baker zuzendariak ekarriko baititu Donostiara.

Nazioarteko zinemagintzako izen handi horien lanak babesten, gainera, izar dirdiratsuak egongo dira Donostian irailaren 20tik 28ra, pandemiak eta pandemiaosteak 2020an eta 2021ean eta Hollywoodeko aktoreen grebak 2023an apaldu zuten dirdira berpizteko: Pamela Anderson, Monica Bellucci, Jamie Campbell Bower, Ursula Corbero, Johnny Depp, Ester Exposito, Andrew Garfield, Karla Sofia Gascon, Isabelle Huppert, Patricia Lopez Arnaiz, Moses Ingram, Noemie Merlant, Angela Molina, Najwa Nimri, Franco Nero, Lupita Nyong'o, Nahuel Perez Biscayart, Urko Olazabal, Charlotte Rampling, Nagore Aranburu, Will Sharpe, Tilda Swinton…

Aurtengo bi saridunak, bestalde, Cate Blanchett australiar aktorea (larunbatean jasoko du, 19:15ean) eta, Veneziako zinema jaialdian sari nagusia jaso berritan, Pedro Almodovar espainiar zinemagilea (ostegunean, 18:00etan) izango dira.

Aurten 20 euskal lan argituko ditu Donostiako Zinemaldiaren leihoak: 15 film luze, 3 telesail eta 2 film labur. Sail Ofizialean, Iciar Bollain zuzendariak Soy Nevenka euskal ekoizpena aurkeztuko du, Alauda Ruiz de Azuak Querer telesaila eta Javier Ginerrek Yo, adicto telesaila, azken bi horiek lehiatik kanpo.