Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

22:00etan

Oion, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan

A.E.|EiTB

Mahasti eder eta ardo upategien artean, herriko ohitura eta istorio bitxien berri emango dute Zuhaitzek eta Pagadik.

0:21

Arabar Errioxan barrena ibiliko dira gaur gauean Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Oion herria ezagutuz. Mahasti eder eta ardo upategiengatik ezaguna izateaz gain, Oiongo ohitura eta istorio bitxienen berri emango digute.

Zuhaitzek herriko mahastietan barrena hasiko du eguna, eta bertan ezagutuko du Mariaje. Zarauztar hau oiondar batez maitemindu zen gaztetan, eta geroztik bertan bizi da. Gipuzkoar batentzat Arabar Errioxan bizitzea zein ezberdina den kontatuko dio Mariajek, eta kanpotar baten begiradatik oiondarrak ezagutzen hasteko lehenengo gakoak emango dizkio Zuhaitzi.

Herri berezia da Oion, Araban dagoen arren, Nafarroak eta Errioxak muga egiten baitute handik gertu. Horrek eragin handia du oiondarren eguneroko bizitzan, eta horren adibide da Borja eta Beto futbolarien kasua. Borjak bizitza osoa darama herriko Oyonesa taldean jokatzen; Betok, berriz, inguruko hamaika talde pasa ditu bere futbolari ibilbidean. Elkarri adarra joz, mugako herri izateak oiondarren nortasunean zer eragin duen azalduko diote.

Izan ere, Oiondik 8 kilometrora dago Logroño, eta herritarrek maiz jotzen dute Errioxako hiriburura. Ibai gazteak, esate baterako. Euskarazko rock talde bateko abeslaria da Ibai, eta entsegu lokalera lagunduko dio Zuhaitzek. Bidean aitortuko dio, ez dela erraza inguru hauetan euskaldun izatea. Hala ere, hizkuntza aldetik aurrerapauso handiak eman dira azken urteotan, eta horren adibide da euskara Logroñoraino iritsi izana. Errioxako hiriburuko taberna batean astero elkartzen da Mintzalagun talde bat euskara hobetzeko, eta Zuhaitzek bertatik bertara ezagutuko du ekimen berezi hori.

Bitxia badirudi ere, gaur egun oiondar gehienak Logroñoko ospitalean jaiotzen dira. Galdezka ibiliz, Zuhaitzek Oionen jaio den azken biztanlea ezagutuko du: Felix. 'Benetako' oiondar honek olioa egiteko kooperatiba erakutsiko dio, baita lapurrak ez sartzeko asmatu duen sistema berezia ere.

Pagadik gogotik botako du izerdia Oion ezagutzeko. Izan ere, herriko gimnasioan hasiko du eguna. Fernando eta Laura anai-arreba boxeolariak ezagutuko ditu bertan, eta ring gainean moldatzeko ikastaro azkar bat emango diote, umore handiz.

Behin eskularruak erantzita, herria ezagutzeari ekingo dio Pagadik, eta langintza horretan Jose Manuelek lagunduko dio, Oiongo 'Andaluziarren auzotik' hasita. Beste oiondar askoren gisan, Andaluzian jaio zen Jose Manuel, baina erraztasun handiz ikasi du euskaraz hitz egiten, eta euskaltegian irakasle lanak ere egiten ditu gaur egun. Andaluziar-euskaldun honek azalduko dio Oiongo kanpandorreak ez duela Sevillakoaren inbidiarik.

Hain justu ere, elizako puntatik Katxi izeneko pertsonaia jaisten da festetan, Zeledonek Gasteizen egiten duen bezala. Leirek Oiongo festetako pertsonaia nagusiaren nondik norakoak kontatuko dizkio, eta Arkaitzen eskutik, 'Katxiaren iraulaldi' ikusgarria imitatzen saiatuko da Pagadi, traje berezi eta guzti.

Festa giroa utzita, Oion kanpoaldera joko du Pagadik, Gorrebustorekin batera, bigarren kontzejua den Labraza ezagutzera. 2008. urtean, Munduko Harresi Ederrenaren saria jaso zuen Labrazak, eta 40 lagunetik gora joan ziren Ingalaterrara saria jasotzera. Bitxikeria eta pasadizo bitxiak kontatzeaz gain, Susanak egingo dizkio Labrazako gida-lanak, eta berak eramango du Pagadi Txarliren upategira, Oiongo mahastietako ardo bikaina dastatzera.

Gauza hauek eta beste asko ikusi ahal izango ditugu gauean, eitb.eus-en eta ETB1en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, 22:00etan.