Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

FORTA

FORTAko hedabideek turismoa indartzen lagunduko dute

EiTB

FORTAko komunikabideak bertako turismoa babesteko ekimenak eta kanpainak egiten ari dira.

  • Turismoa sustatzeko ekimenak bultzatuko ditu FORTAk.

    Turismoa sustatzeko ekimenak bultzatuko ditu FORTAk. EiTBKo bideo batetik hartutako irudia.

Komunikabideak funtsezko zerbitzua dira eta, beraz, gizartearekiko erantzukizun handia dute. Ildo horretatik, Irrati-telebista Autonomikoen Erakundeen Federazioko (FORTA) kide diren irrati-telebistek konpromisoa hartu dute munduko pandemiak eragindako krisiak gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko hainbat ekimen abiaraziz.

Horien artean dago turismo sektorea, COVID-19k gehien kaltetutako bat eta konfinamenduarekin, berrogeialdiarekin eta deseskalatze prozesuarekin gehien sufritzen ari den esparrua. Turismoaren sektorea funtsezko pieza da herrialdeko ekonomian; 2019an BPG nazionalaren % 12 izan zen, eta Espainian enpleguaren % 13. Turismoak, tokikoak zein nazionalak, duen garrantziagatik ari dira FORTAko kide diren irrati eta telebista publiko autonomikok turismoa bultzatzeko kanpaina eta ekimenak martxan jartzen.

Korporazio batzuek aliantzak bilatu dituzte, eta, horrela, emaitza hobeak lortu. À Punt erakundeak, esaterako, Valentziako Erkidegoko Hedabideen Sozietate Anonimoarekin (SAMC) lankidetzan, Valentziako Erkidegoko turismoaren berri eman asmo du eta horretarako turismoarekin lotutako entretenimendu-formatuak ekoizteko deialdia egin du. Ekintza honen helburua sorkuntza eta turismoaren hedapena dira. Bestalde Euskadi Irratiko "Baipasa" saioan, turismo eredu berriei buruz mintzatuko dira Donostia Turismoko ordezkariekin, baita etxebizitza turistikoak eta luxuzko turismoa sustatzen duten enpresetako ordezkariekin. 

Bestalde, gaur egungo egoera eta normaltasun berriaren aurrean, berriro lehengo egoerara itzultzeko bideak aztertzen dituzten programak ekoiztea eta emititzea erabaki dute Kanarietako Irrati Telebistan. Horien artean, barne produkzioko erreportajeak, Aldaketen garaia, Veranovirus eta Planoz kanpo; eta kanpo-ekoizpeneko erreportajeak daude, besteak beste, Paradisua berreraikitzen edo Hirugarren fasean berriz elkarrekin.

Canal Sur TVko "Andalucía Directo" saioak egunero eskainiko du Andaluzian turismoa egiteko ihesaldi, bisita edo gomendio gastronomiko bat. Horrez gain, Hoy en día tartean erreportajeak ere eskainiko dituzte. Bertan, pertsonaia ezagunek edota herritarrek Andaluziako leku kuttun bat aurkeztuko dute. Canal Sur Radio irratiak ere horren aldeko apustua egin du, eta atal bat sortu du "La Mañana de Andalucía" saioan. Sail horretan, probintzia ezberdinetako berriemaileek gune naturalak, monumentuak, hondartzak eta abar bisitatzeko gonbita egingo dute.

Un verano inolvidable kanpaina jarri du abian CARTV komunikazio taldeak. Horretarako, lurraldea zeharkatuko dute, bai Aragon TVn, bai Aragon Irratian, hilabete hauetako konfinamenduaren eta deseskaladaren ondoren bizitza soziala eta ekonomia biziberritzeko asmoz sortzen ari diren ekimenak erakutsiz.

Bestalde, EiTBk Nola aterako gara honetatik?/¿Cómo salimos de esta? kanpaina egin berri du, koronabirusaren osasun krisiaren ostean aurre egin beharreko etorkizuna aztertzeko. Kanpainak, besteak beste, krisi honek eragiten digun turismo eredua aztertuko du, datozen aldaketei buruz pertsona ezagunek egindako hausnarketak barne, edo bizi garen hirien eredua. ETB2k, honen haritik, "The Basque Route" Iñaki Urrutiak aurkeztutako saioa estreinatuko du Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren babesaz. Euskadin barrena zortzi ibilbide turistiko egingo ditu Urrutiak saio honetan. Aurpegi ezagunek lagunduta, Euskadiren turismo eskaintza zabala erakutsiko digu: familia turismoa, maskotekin bidaiatzea, abentura turismoa eta turismo erlijiosoa, besteak beste.

Orobat, #MequedoenAndalucía hastagh-arekin, RTVAk Andaluziako turismo-sektorearen eskura jarri du Andaluziako turismoaren hedapenerako eta sustapenerako bere multiplataforma osoa. Xedea da andaluziarren barne-bidaiak bultzatzea.

CMMk, bere aldetik, turismoa sustatzeko kanpainak egingo ditu Gaztela-Mantxako barnealdean, haren kultura-aberastasunari balioa emanez. CMMk uda honetan eskualdean egingo diren jaiak eta nolakoak izango diren ezagutarazteko lehen mapa interaktiboa ere kaleratu du, eskualdeko turismoa sustatzeko helburuarekin. Berebat, #FiesterosCMM ekimenak denbora errealean telebista saioaren emanaldian parte hartzen dutenak saritzen ditu, Gaztela-Mantxako ostatu batean landa eremuko ihesaldi bat zozketatuz. CMMk sektoreari ematen dion babesa indartu egiten da "Ancha es Castilla La Mancha" eta "El Cuentakilometro" programekin.

CRTVGk "Galicia Emerxe" emango du, Galiziako Xuntak bultzatutako ekimena, kulturaren eta turismoaren sektoreak suspertzeko, koronabirusaren krisiaren ondorioen aurrean. Horrez gain, TVGk ekainaren hasieran estreinatu zuen "O Sol Sale para Todos" saioa, astelehenetik ostiralera "Telexornal Mediodía" saioaren ostean, eta, pixkanaka, sektore sozialak, kulturalak eta ekonomikoak martxan nola jartzen diren azaltzen du. Lehen kapituluetan Done Jakue Bidearen eta sektore turistikoaren susperraldia jorratu du. Parrillako beste programa batzuk, "Actualizad@s" eta "A Revista", saioek, berriz, Galizia "normaltasun berrira" itzultzen ari direla azaltzen ari dira.