Prentsa aretoa
Gaztea
Itzek, Ganibet, Zilibito Records eta Enbata Lorade, 2023ko Maketa Lehiaketako finalistak
EITB MEDIA
Azaroaren 16an zuzeneko emankizuna eskainiko dute Bilboko Sala BBK aretoan. Bertatik aterako da aurtengo Maketa Lehiaketako irabazlea.
-
Maketa Lehiaketako finalistak
Itzek, Ganibet, Zilibito Records eta Enbata Lorade taldeak dira 2023ko Gaztea Maketa Lehiaketako finalistak. Publikoak aukeratu zuen lehen finalista (Enbata Lorade taldea), eta Julen Idigoras, Lorea Argarate eta Josune Arakistainek osatutako epaimahaiak beste hiru taldeak hautatu ditu, aurten jasotako 200 maketatik gora entzun ostean.
Azaroaren 16an izango da final handia, Bilboko Sala BBK aretoan. Egun horretan ikusiko ditugu lau finalistak oholtza gainean. 5.000 euro eskuratzeaz gain, 2024ko Bilbao BBK Liven jotzeko aukera izango du talde irabazleak. Enbata Loradek eramango duen GAZ Sariaz gain (2.500 euro), finalistetako batek Oso Polita diskoetxearekin lau abestiko EP bat irabazteko aukera izango du, Harrobia sariari esker.
Mungiarrak dira Nekane Otazua, June Aresti eta Antton Elorriaga, Itzek taldeko hiru kideak, eta abesti bakarra publikatu dute: "Nartziso". Ganibet bikotea, berriz, Altsasutik dator, bertakoak baitira Ekain eta Amaiur; elektronika lantzen dute. Zilibito Records sei lagunek osatutako kolektibo oiartzuarra da, eta trapa, pop-punka, bachata, hyperpopa eta beste hainbat estilo uztartzen dituzte. Ekainean publikatu zuten Hastapenak lehen diskoa. Azkenik, Enbata Lorade Bakioko banda izan da aurtengo Maketa Lehiaketaren bozketa faseko garailea, botoen % 23 eskuratuta. Marea, Zuzen eta Egurre maketak aurkeztu dituzte.
Gaztea Maketa lehiaketaren aurtengo babesleak Gazteen emantzipaziorako Eusko Jaurlaritzaren GAZ zerbitzua eta Laboral Kutxaren gazte-txartela dira.