Itxi

telebista

Laugarren atala

Berlingo harresia erori zenekoa, 'Eskerrik Asko, Petrov' dokumentalean

A.E.

EITB

Gaur gauean ETB-1en, eta otsailaren 21ean, ostegunean, ETB-2n, Gorka Otxoak aurkeztuta.

2:07
Berlineko harresiaz, 'Eskerrik asko, Petrov'en

Berlingo harresia erori zenekoa oroituko dute 'Eskerrik Asko, Petrov' dokumentalaren laugarren atalean. Laurogehi hamarkada bukaerako (1988-1989) gertakizunei erreparatuko diete. Garai hartan ez zegoen kontzientzia ekologikorik eta kutsadurari ez zitzaion mugarik jartzen. Gorka Otxoak Karlos Arguiñano elkarrizketatuko du. Sukaldaria programako protagonistetako bat izango da.

Berlingo harresia erortzea, 1989an, XX. mendeko gertakizun nagusietako bat eta ikur izan zen. Gerra Hotzaren eta gobernu komunisten amaiera etorri ziren, aldi berean. Bata bestearen atzetik erori ziren gobernu komunistak. Bernardo Atxagak eta Javier Gurrutxagak gertakizun haiek oroituko dituzte.

Idazleak eta abeslariak tabakoa leku guztietan zegoela gogoratuko dute, ikastetxe eta erietxeetan ere erre zitekeela. Kontzientzia ekologikorik ez zegoen eta ibaien kutsadura izugarria zen. Neurriak hartzen hasi ziren apurka-apurka, bai tabakoaren eta baita kutsaduraren aurka.

Laurogehigarren hamarkadaren amaieran, euskal sukaldariak sariak eta errekonozimenduak biltzen hasi ziren. Karlos Arguiñano gaztea telebistan agertzen hasi zen. Gorka Otxoarekin, arrakastaren giltzaz eta elikaduraren aldaketaz hitz egingo du.

Errekonozimendua, halaber, Obabakoak nobelarentzat, Narratiba Sari Nazionala jaso zuen. Urte haietan euskarazko liburuak gisa horretako saria jasotzea pentsaezina zen; itzulitako liburu batek saria ere jasotzea zaila, Atxaga berak gogoratuko duenez. Idazlea Juan Carlos Perez musikariarekin bilduko da 'Eskerrik Asko, Petrov' dokumental sortan. Itoiz taldearen burua zen Perez. Taldeak 88an esan zuen agur, jarraitzaile asko atsekabetuta utziz.

Politikan, Euskadiko bakegintzarako eratutako Ajuria Eneako Itunak eta Aljerreko elkarrizketek garrantzi handi izan zuten. Elkarrizketa hauek indarkeria amaieraren itxaropena piztu zuten. Negoziazioek, ostera, porrot egin zuten eta ETAk atentatuei, bonba tranpei eta bahiketei berrekin zien. Tartean, Emiliano Revilla bahitu zuten. Bestalde, atentatu batean Herri Batasunako Josu Muguruza diputatua hil zuten Madrilen eta Iñaki Esnaola larriki zauritu. Gertakizun haiek guztiak aztertuko ditu Jose Antonio Ardanza lehendakariak, Ramon Jauregi sozialistak eta Tasio Erkizia ezker abertzaleko buruzagiak.

Jaiotze tasa baxua, ugalketa lagunduaren hasiera, Realaren denboraldi oparoa (bigarren izan zen Ligan eta Kopan finalista) eta Maria Luisa Irizar maratoi zalearen garaipenak ere jorratuko dituzte laugarren atal honetan. Gorka Otxoak saioaren jarraitzaileen gutunak jasoko ditu.

'Eskerrik Asko, Petrov' gaur gauean, ETB-1en, 22:00etan, dago ikusgai.