telebista
Gaur, 22:30ean
Kortaren kanporatzeaz eztabaidatuko dute 'El Conquis 2013' saioan
I.A.
Patxi Alonsok aurkezten duen eztabaida saioaren protagonista izango da Korta. Guanaco taldearen kapitainaren erabakiaz eta Gokuz arituko dira. Hurrengo saioko aurrerapenak ere ikusgai izango dira.
Jose Luis Kortaren alde egitea izango da Patxi Alonsok gidatutako saioan gaur gauean eztabaidatuko duten gai nagusia. Joan egingo zela esan zuen behin eta berriz bosgarren saiotik aurrera, eta azkenean esandakoa bete zuen. Joan den igandean "El Conquistador del Fin del Mundo" saioko abentura utzi zuen. 11. atalean gertatutakoak aztertzeko, arraunlariaren aldeko zein kontrakoak izango dira "El Conquis 2013" eztabaida saioaren platoan. Batetik, "El Conquis"en kapitain izandako Manu Maritxalar, Mikel Goñi eta Julen Madina izango dira bertan. Gainera, saioaren azken 2 edizioetan Kortaren gidaritzapean izandako Yerai eta Oiane ere han egongo dira. Azkenik, Gotzon Mantuliz lehiaketaren bosgarren edizioko irabazlea ere solaskide izango dute.
Gainera, Kortaren aldegiteak hainbat gai polemiko ekarri ditu. Talde berdeak Goku aukeratu du bere ordezko gisa, eta lehiakide nafarrak berak, Chrisek, eta Alexek elkarren kontrako jarrerak dituzte horren inguruan. Sare sozialetan asko eztabaidatu dute kapitain berria Goku izango delako, eta bere familiako kideak platoan izango dira lehiakide nafarra defendatzeko. Blanca Fernandez Ochoak eta Juanito Oiarzabalek Kortaren jarrera kritikatu dute, eta horren inguruan ere arituko dira asteazken gauean, baita Guanaco taldearen ahultasun egoeraz ere bai: izan ere, Iosu ere etxera joan zen.
Kortaren abenturaren errepasoa egiteaz gain, 11. ataleko beste hainbat gai ere aztertuko dituzte, hala nola Blancak koalen jokoan kapitain bezala izandako jokaera eta datorren saioko immunitate jokoa. 3 kanpamentuek hurrengo saioan izango duten egoera ere errepasatuko dute.
"El Conquis 2013" Hostoilek ETBrentzat ekoitzitako saioa da eta asteazkenetan emititzen dute, 22:30ean, "Teleberri"ren ostean, Euskal Telebistaren bigarren katean.