telebista
Bost baietz!
Julian Iantzi lehiakide bila dabil Euskal Herriko kaleetan
Aste honetan UPV/EHUko Leioako kanpusean, Ondarroako Antxoa egunean eta Balmasedako Erdi Aroko Azokan izango da Julian Iantzi lehiakide bila.
'Bost baietz!' saioaren atal berriak grabatzen hasi da Euskal Telebista. Euskal Herriko kale, azoka edo jai gunetan ibiliko da Julian Iantzi aurkezlea lehiakide bila. Aste honetan adibidez, UPV/EHUko Leioako Kanpusean, Ondarroako Antxoa egunean eta Balmaseda-ko Erdi Aroko Azokan murgilduko da.
Lehiakideak kalean bertan harrapatuko ditu Iantzik. Bost minututan hainbat galdera egingo dizkie parte hartzaileei eta hauek dirua irabazteko aukera izango dute. Denetariko galderak izango dira kultura, kirolak, geografia, gaurkotasun albisteak… baina asko Euskal Herriarekin lotura dutenak izango dira. Hasieran errazagoak eta aurrera egin ahala zailduz joango dira.
Herritarrek erantzun zuzena bota beharko dute, bakarrik jokatu dezakete baina ondotik pasatzen den edonori ere laguntza eskatu diezaioke. Zenbat eta arinen erantzun galdera gehiago egiteko eta diru gehiago irabazteko aukera izango dute.
Bost minutuko erronda amaitu ondoren, lehiakideak bi aukera izango ditu: dirua bikoizteko jokoan jarraitu edo ordura arte irabazitako diruarekin planto egin. Dirua bikoizteko Julian Iantzik proba erraz, arin eta entretenigarri bat egitea proposatuko dio.
Lehiaketaren asmoa herritarrekin ondo pasatzea eta diru apur bat banatzea da. Julian Iantzi Euskal Herriko kaleetan dabil dagoeneko. Emaitza maiatzaren 27tik aurrera ikusiko dugu ETB1en.