telebista
Saskibaloia
Laboral Kutxa eta Bilbao Basketen partida erabakigarriak, zuzenean
A.A.
EiTB
Finalerdietarako txartelaren bila, H. Gran Canaria eta Bartzelona taldeen aurkako playoff-etako hirugarren partida ikusgai ETBKn, ETB1en eta eitb.com-en.
Zuzeneko bi saskibaloi emanaldi osatuko ditu Euskal Telebistak gaur: Laboral Kutxa-H. Gran Canaria 20:30ean ETBKn eta Bartzelona-Bilbao Basket 20:45ean ETB1en. Biek ala biek, Endesa Ligako finalerdietarako txartela eskuratzeko hirugarren partida jokatuko dute.
Xabier de la Fuentek, Aitor Uriondok eta Jokin Etxebarriak komentatuko dute ETBKn ikusgai izango den partida, eta Asier Arangurenek eta Josean Aldalurrek ETB1ekoa. Bi partidak eitb.com webgunean ere izango dira ikusgai.
Zegama-Aizkorri maratoia, 'Zu Kirolari' saioan
Bestalde, 22:30etik aurrera ETBKn emango den 'Zu Kirolari' saioan Zegama-Aizkorri mendi maratoia izango dute ardatz. Anartz Agirre esatariak igandean, eguraldi paregabea lagun zela eta bide bazterretan ehunka zaleren animoekin, jokatutako probaren kontakizuna egingo du. Gizonezkoen mailan Kilian Jornet kataluniarra gailendu zen eta emakumezkoen artean Emelie Forsberg norvegiarra.