Itxi

telebista

Eguraldia

Energia berriztagarriak izango ditu ardatz 'Eguraldia'k aste honetan

A.E.

EiTB

Energia kooperatibez, geotermiaz eta bio eraikuntzaz arituko dira, besteak beste.

  • Eguraldiko taldea

    Eguraldiko taldea

Ingurumenaren Nazioarteko eguna duela gutxi ospatu dela eta,  ETBko 'Eguraldia' tarteak energia alternatiboei buruz aste osoan jardutea erabaki du. Hartara, astelehenetik igandera bitarteko erreportaje guztiek gai hori izango dute ardatz. Energia kooperatiboei buruz, geotermiaz eta bio eraikuntzaz arituko dira, besteak beste.

Astelehenean, Andoni Romeok Som Energia kooperatibaren euskal atala aurkeztuko du. Energia berriztagarriak sustatzen ditu kooperatiba honek. Helburua iturri fosilak ordezkatzea da, gure etxeetan energia iturri garbiago eta ekologikoagoak erabiltzeko. Beti ere, energia aurrezpena eta eraginkortasuna kontutan izan da.  Espainiako Gobernuak onartu behar duen autokontsumo legearen aurrean itxaropentsu daude Energia Gara kooperatibakoak. Lege honen arabera, ekoizle bakoitza sortu duen energiaren kontsumitzaile ere izango da.

Asteartean, bio eraikuntzaz arituko dira Iñigo Mujikaren eskutik. Arkitektura ikasle hau eraikuntza sistema tradizionalak berreskuratzearen alde dago, duten kultur balioarengatik eta duten balio ekologikoarengatik, baita ere. Arkitekto geroz eta gehiagok duten joera da, gainera. Mujika eraikuntza iraunkorraren alde dago, hartara, energia gutxiago gastatu eta ingurumenari kalte gutxiago egiteko.

Asteazkenean, Ekihouse proiektua emango dute ezagutzera. Donostiako arktitektura kanpuseko ikasleen ekimena da. Iaz AEBko energia sailak antolatzen duen nazioarteko lehiaketan parte hartu zuten ekimen honekin. Helburua, energia berriztagarriak sustatzea da, eraikuntza iraunkorrak lortzeko. Kanpoaldea barruko aldearekin batu nahi zuen solairu bakarrareko etxea aukeratu zuen nazioarteko epai-mahaiak ehundaka lanen artean.

Javier Lizarragak, berriz, Gorraizko etxe berezia erakutsiko digu ostegunean. Geotermia sistema ezarri zuen lehen etxe nafarra. Geotermia, lurraren tenperatura etxea berotu edo hozteko aprobetxatzeko erabiltzean datza.

Igandean, azkenik, 'Eguraldi'ko kamerak Rekaldeko auzoan egongo dira. Etxe bateko aurrealde ekologikoa erakutsiko dute.  Zuhaitzen hostoen funtzio bera betetzen duten zeramika bereziz eraikitako aurrealdea du etxeak: airearen oxido nitrogenoa nitratoetan bihurtzen dute.

Energia berriztagarriei eskainitako astearekin ekingo dio 'Eguraldi'ko lan-taldeak gai monografikoei. Laster, aldaketa klimatikoaz jardungo dute, eta udan, 83ko uholdeei buruz arituko dira 30. urtemuga betetzean. 'Eguraldia'rekin hitzordua egunero, albistegien ondoren, ETB1en eta ETB2n.