telebista
ETB1
'Ezin Dut Burutik Kendu', abesti arrakastatsuenei begirada zabala
M.A.
EITB
Denborak aurrera egin arren, oraindik ere ahaztu ez ditugun abestien istorioa landuko dute asteartean estreinatuko den tartean.
'Ezin Dut Burutik Kendu' saioa estreinatuko du gaur Euskal Telebistak. Gure oroimenean gordeta ditugun kantu kuttunak aztertuko ditu Zuhaitz Gurrutxaga aurkezleak programa berri honetan.
Abestia nola sortu zen, ze testuingurutan, nork egin zuen hitza, nork musikatu zuen, historian zehar ze ibilbide izan duen... Azken finean, abestiaren historian bidaia bat proposatzen du ETB1ek, sortu zenetik gaur egunera arte.
Abestiaren protagonistekin hitz egingo du Zuhaitz Gurrutxagak, letra egilea, doinua sortu zuena, abestia moldatu dutenekin eta abar... Horretaz gain, bi musikarik abestiaren arrakastaren gakoak zein diren azalduko digute. Juantxo Zeberio pianojole eta musikagileak abestiaren arrakastaren zergatiak azalduko dizkigu, eta Joseba Irazoki musikariak abestiaren moldaketa bat egingo du.
Astearteko saioan Kortaturen 'Sarri, Sarri' eta Xabier Leteren 'Xalbadorren heriotzean' abestiak izango dituzte protagonista nagusi. 'Sarri, Sarri' aztertzeko, Kortatu taldeko hiru kideak elkarrizketatu dituzte: Fermin Muguruza, Iñigo Muguruza eta Treku Armendariz. Gainera, Joseba Sarrionandiarekin batera bafleetan Martuteneko espetxetik ihes egin zuen Iñaki Pikabea Piti ere elkarrizketatu dute, ihesaren nondik norakoak argituko ditu. Azkenik, Fermin Muguruzari abestiaren hitzak euskaratzen lagundu zion AEKko irakaslea ere elkarrizketatu dute: Lourdes Darceles.
Ondoren, 'Xalbadorren heriotzean' abestiaren gainean berba egiteko, Antton Valverde musikari eta Xabier Leteren lagun mina elkarrizketatu dute. Valverdek lagundu zion Xabierri abestia konposatzen. Xalbadorren semearekin ere lotuko dira, Mixel Aire. Bestalde, Xabier Amuriza bertsolaria izango dute lagun. 1967ko Bertsolari Txapelketan, Xalbadorri txistu egin zioten txapelketa hartan, epaimahaikide lanetan aritu zen Amuriza. Azkenik Erramun Martikorenarekin hitz egingo du Zuhaitz Gurrutxaga aurkezleak. Erramunek egin du ezagun azken urteotan 'Xalbadorren heriotzean' abestia.
Bost adituk bi abestiei buruzko iritziak eskainiko dituzte, tartean, Mikel Markez musikaria, Fermin Etxegoien idazle eta kazetaria, Elixabete Garmendia kazetaria, Goizalde Landabaso kazetari eta idazlea, eta Asier Leoz, musika kazetaria.