Itxi

telebista

22:30ean

Etxe bitxiei buruzko 'Ongi Etorri' berezia, gaur gauean ETB2n

A.A.

EiTB

Enkarterrietan, Nafarroako Osinaga herrixkan, Bilbon eta Donibane Garazin ibiliko da Sara Gandara aste honetako saioan.

Etxe bitxiak, ohikoak ez direnak, erakutsiko dituzte gaur gauean ETB2ko 'Ongi Etorri' saio berezian. Uda partean emititzeko egindako saio berezietan azkena izango da gauekoa eta Sara Gandara Enkarterrietan, Nafarroako Osinaga herrixkan, Bilbon eta Donibane Garazin ibiliko da etxe berezien bila.

Donibane Garazin, esate baterako, 140 m2 dituen duplex bat aurkitu du ETB2ko saioak. XVI. mendeko jauregi baten barruan dago, Citadelle karrikan, eta eraikuntza bera gizateriaren ondare izendatu zuen UNESCOk duela gutxi. Historia luzea du etxe honek eta Mertxek, gaur egungo jabeak, gustu handiz jantzi du.

Bizkaian, Enkarterrietan, oraindik eta zaharragoa den eraikuntza bat erakutsiko digute. XIV. mendeko dorretxe batean dago eta Mikel Larrinaga dekoratzaileak prestatu du. Erdi Aroko eraikuntza hau Euskadiko kultur ondarearen monumentu izendatu dute.

Iruñatik 15 kilometro ingurura dago Osinaga herrixka eta hantxe aurkitu du Sara Gandarak XIX. mendeko baserri-etxea, erabat berrituta. Etxe honetan bizi izan dira jabeak duela gutxi arte. Gaur egun Iruñan bizi dira, baina atzerriko familiekin trukatzen dute Osinagako etxe hau opor garaian.

Bilbon berriz, 55 metro karratuko atikoa ikusiko dugu. Bertako jabea, Gloria, Gorlizetik joan zen hiriburura bizitzera eta etxetxo hau bizileku eroso eta argitsu bilakatu zuen.


22:30ean hasiko da etxebizitza bitxiei buruzko saio berezi hau gaur gauean ETB2n.