telebista
Igandeko kirol emanaldiak
Burgoseko Itzuliaren azkeneko etapa, zuzenean, ETB1en eta eitb.com-en
A.H.
EITB
Igandean, gainera, Pasaiako Portuko Bandera, Euskadiko Sokatira Txapelketa eta Zarauzko pilota jaialdia eskainiko dira.
Euskal Telebista kirol eskaintza zabalarekin dator igande honetan. Estropadak izango dira eguneko lehen emanaldia eguerdiko 12:00etan hasita. Pasaian lehiatuko den emakumezkoen Euskotren Bandera eskainiko da lehenengo eta San Miguel Ligako Pasaiako Portuko Bandera ondoren. Mikel Olazabalek eta Ibon Gaztañazpik egingo dute emanaldiaren gaineko kontakizuna, eta Amane Ibañezek protagonistak elkarrizketatuko ditu.
Arratsaldeko 16:00etan, Juanan Legorbururen eskutik jasoko dugu Alegin izandako Euskadiko Sokatira Txapelketaren berri.
16:30ean, Burgoseko Itzuliaren bostgarren etaparekin egingo dute bat ETB1ek eta eitb.com-ek. Lasterketaren azkeneko etapa Revengan hasiko da eta Lagunas de Neila gainean amaituko da, 170 kilometroko ibilbidea osatu ostean. Xabier Usabiagak eta Fermin Aramendik egingo dute esatari lana.
Amaitzeko, Zarauzko pilotalekuan jokatuko den jaialdia eskainiko du ETB1ek zuzenean, arratsaldeko 17:30etik aurrera. Aritz Lasa-Rezusta eta Jaka-Laskurain bikoteek jokatuko dute atariko partida. Jardunaldiko neurketa nagusian, berriz, Gonzalez-Barriola eta Ezkudia-Zubieta izango dira aurrez aurre. Amaitzeko, Olazabal-Larrinaga / Mendizabal III-Peñagarikano norgehiagoka jokatuko da. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango dira emanaldiaren arduradun.