telebista
Irailaren 16tik aurrera
'Kontrako Eztarria' umorezko albistegia, Alkain eta Euzkitzerekin
A.E.
EiTB
Astelehenetik ostegunera, 21:30ean izango da ikusgai eguneko albisteei punta aterako dien saioa.
Irailaren 16an 'Kontrako Eztarria' saioa estreinatuko da ETB1en. Anjel Alkain eta Xabier Euzkitzek aurkeztuko duten entretenimendu saioa. 'Gaur Egun' eta 'Eguraldia'ren ondoren etorriko zaigu 'Kontrako Eztarria' saioa, astelehenetik ostegunera, 21:30ean. ETBk ekoitzitako saioak eguneko albiste nagusiei umorez helduko die eta punta aterako die beste gauza askorekin batera.
Pertsonaiak, esketxak, kolaboratzaile berriek gidatutako sekzioak, ingelesa ikasteko aukera, lehiaketa, Maikrux ta Maikarmen edota Tzanpionza izango dira programa berriaren osagaiak. Eta hau guztia aurrera eramateko arduradunak izango dira Xabier Euzkitze, Anjel Alkain, Iker Galartza eta Jon Plazaola.
'Ekipo A' bilakatu dira iragarkirako
Atariko gisa, 'A taldea' telesail mitikoa oroituz telebista iragarkia grabatu dute. 'A taldea'ren taldekide bilakatu da programako lan-taldea pantailan laster izango direla iragartzeko: John Hannibal Smith (Anjel Alkain) koronela, M.A. Baracus (Xabier Euzkitze) sarjentoa, H.M. Murdock zoroa (Jon Plazaola ) eta Faceman Peck tenientea ( Iker Galartza). Miramongo makillaje taldeak lan bikaina egin du, beste behin.