telebista
Bigarren Mendeurrena
'Donostia 1813-2013', zuzenean, ETB1en eta eitb.com-en larunbatean
A.E.
EITB
Donostia erre eta suntsitu zuteneko bigarren mendeurreneko ekitaldi nagusiak zuzenean jarraituko ditu ETB1ek eta eitb.com-ek.
Larunbat honetan, abuztuak 31, Donostiatik zuzeneko emanaldia eskainiko dute ETB1ek eta eitb.com-ek. Donostia erre eta suntsitu zuteneko bigarren mendeurrena betetzen den honetan, Gipuzkoako hiriburuan antolatutako ekitaldi nagusien berri emango du ETB1ek zuzenean, 19:00etan.
Imanol Artolak egingo du emanaldiaren kontakizuna, eta Lierni Agirrezabala kazetariak ekitaldi eta ikuskizun hauetako protagonistak elkarrizketatuko ditu, tartean, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea.
Abuztuaren 31n 200 urte beteko dira tropa aliatu angloportugaldarrek Donostian sartuta hiria erre eta suntsitu zutela. Orduan gertatutakoa berregingo dute larunbatean, eta ETBko kamerak horren lekuko izango dira. Zuzenean ikusi ahal izango dute Bulebarretik egingo duten borrokaldia, bolborategiaren eztanda eta hiriaren harrapaketa.
ETB-1eko saio berezi honetan, gainera, Santa Klara Uhartetik, Urgulletik eta portutik goizean izango diren kanoi-desarrak emangodituzte. Lehorreratzearen eta portuaren hartzearen irudiak ere, baita eguerdi aldera Alderdi Ederren izango den danborraden elkarrateratzearenak ere.
Emanaldi honek, halaber, urtemuga bereziaren inguruan izandako beste ekitaldi batzuen irudiak eskainiko ditu. Esaterako, bezperan, Donostiako Orfeoiak Santa Maria Basilikan eskainitako kontzertuaren barruan, "Suak pizturik dirau" bigarren mendeurrenaren ereserkia izango da entzungai; baita Euskadiko Orkestra Sinfonikoari Hiriaren Urrezko Domina emate ekitaldia ere.
Kresala eta Verdiniren ekitaldia
Gaueko 21:35ean, berriz, Kresala eta Verdini dantza konpainiek Bigarren Mendeurrenerako beren-beregi sortutako Hala ere emanaldia izango da ikusgai. Bezperan, Pasealeku Berrian Jorge Oteizaren 'Eraikuntza Hutsa' eskulturaren parean emandako ikuskizuna, hain zuzen ere.